Milaka eta milaka gara

Milaka eta milaka gara https://www.gaztezulo.eus/albisteak/milaka-eta-milaka-gara/@@download/image/35p43-1.jpg
2003/11/07
erreportajea
Milaka eta milaka gara


Ez dakit zuek, baina hamaika azalpen emana naiz azken urteotan errugbian jokatzea erabaki nuelako behin. Minoritarioa izateaz gain, gizonezkoen kirola omen da errugbia, gehienek errepikatu izan didatenez.

Ez dakit nire inguruan soilik gertatzen ote den neskak hainbat kiroletan aritzen garela entzutean harritze kontu hori, baina errezeloa daukat orokor samarra dela. Eta ez hori bakarrik: harridura hori ez da minoritariotzat jotzen ditugun kiroletan gertatzen. Duela hilabete batzuk, esaterako, albiste bihurtu zen Euskal Telebistak Bilboko Athleticeko nesken partidak zuzenean ematea. Denon interesekoa omen den futbolean, nonbait, emakumezkoen ikusle rol pasiboa barneratuta dauka jende gehienak, baina oraindik ez dugu lortu futbol jokalari rol aktiboan emakumezkoei dagokigun tokia.

Ameriketako Estatu Batuetan jokatu berri den Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketa dugu horren adibide garbia, ez baitugu usaindu ere egin inguruotako telebista kateetan. Egia da, bai, txapelketa horren aipamen labur-labur batzuk egin dizkigutela, baina egia da, baita ere. Realaren eguneroko entrenamenduek— adibide bat jartzearren—, askoz ere tarte gehiago izan dutela albistegiotan. Txapelketako partidak zuzenean emateko eskatzeko moduan gaude gu!

Emakumezkoei hedabideetako kirol tarteetan eskaintzen dieten kaskarkeriaren adibide gehiago ere izan dugu azken boladan: Igor Astarloak irabazi berri duen Munduko Txirrindularitza Txapelketako iraupen proba zuzenean jarraitu ahal izan dugu Espainiako telebista publikoan; Joane Somarribak irabazi zuen erlojuaren kontrako karrera, berriz, azken metroetan eta ia-ia kasualitatez ikusi ahal izan genuen ETBko albistegietan. Eta Frantziako telebista publikoan beste hainbeste gertatu zen Emakumezkoen Tourrean.

Gauzak horrela daude, bai, baina aspaldi erabaki nuen besteek kirola nola egiten duten begira geratzeari uztea eta kirola neuk egitea. Ez naiz neska bakarra, zorionez. Milaka eta milaka gara, ia inon agertzen ez garen arren.

Miss txapelketa Channel 2-an



Unibertsoko miss-a aukeratzeko gala pantailaratu zuen duela gutxi Chanel 2 kateak. Beste behin ere, gorputz izugarria baina buru arineko 71 emakume desfilatzen ikusi ahal genituen.
Ez al dira aspertu ikusleek horrelako lehiaketekin?