Mikrofilm Short Festivalaren 1. edizioa Plentzian

Mikrofilm Short Festivalaren 1. edizioa Plentzian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikrofilm-short-festivalaren-1-edizioa-plentzian/@@download/image/20126261336mikrofilm.jpg
2012/12/13
berria
Mikrofilm Short Festivalaren 1. edizioa Plentzian
Mundu mailako genero beltzeko film labur onenak erakusteko asmoz sortutako ekitaldia da, eta aurtengoan lehen urtez egingo dute Plentzian uztailaren 6an eta 7an. Hamabost lan aurkeztu dituzte jaialdira, eta sari potoloak eskuratzeko aukera izango dute.

Genero beltzeko zinemak ez du leku handiegirik gure artean, eta hori dela eta, bi gauez hilketetan oinarritutako film laburrak ikusteko aukera eskaini nahi dute antolatzaileek. Hain zuzen, AEBetan 30eko eta 40ko hamarkadetan ekoitzitako zine mota nagusituko da Mikrofilm Short Festivalean.
 
Izena eman dutenen artean, hamabost lan aukeratu dituzte. Euskal Herritik, AEBetatik, Poloniatik, Kanadatik, Argentinatik eta beste hainbat tokitatik etorritako ekoizleek aurkeztu dituzte. Epaimahaiak, besteak beste, sekuentzien ugaritasuna, argiluna lehenesten duten argazkigintza, eta genero honetako filmek izaten duten kode estetikoa lehenetsiko ditu horien artean hoberenak aukeratzerako orduan.

Bi sari banatuko dituzte: Film Labur Onenaren Saria, 2.000 eurokoa, eta Ikuslegoaren Saria, 1.000 eurokoa.

Edukiei dagokienez, gizartearen ikuspegi kritikoa, argitu gabeko misterioak, patuaren zorigaiztoak gidatutako istorioak, eta halako beste hainbat alor lantzen dituzten lanak izango dira nagusi, antolatzaileek aditzera eman dutenez.

Filmak


Alto Sauce - 17 minutuko ekoizpen espainiarra, 2011koa

El Hombre Insensible - 10 minutuko lana, 2011an Espainian ekoitzia

Something Left, Something Taken - 2010ean AEBetan ekoitzitako 11 minutuko ekoizpena

La Casa del Lago - Euskal Herriko ekoizpena, 2011an egina, 11 minutukoa

El Pendiente - 6 minutuko ekoizpen espainiarra, 2012koa

La Mirada Perdida - Argentinan 2011an ekoitzitako 11 minutuko obra

Fisio - Espainiako 10 minutuko lana, 2011an ekoitzia

La Huida - 2010ean Espainian errodatutako 11 minutuko film laburra

Destierro de Media Noche - Ecuadorren ekoitzitako 8 minutuko lana, 2012koa

Inquietante - 16 minutuko iraupena duen ekoizpen espainiarra, 2011koa

She's Lost Control - Euskal Herrian ekoitzitako 12 minutuko lana, 2011koa

Dirty Friday - 8 minutuko filma, 2010ean Espainian ekoitzia

The Ark - Polonian ekoitzitako film laburra, 2007an egina eta 8 minutuko iraupena duena

5 Millones - 13 minutuko ekoizpen espainiarra, 2011koa

Nowhere Elsewhere - Kanadan ekoitzitako 17 minututako film laburra, 2010ekoa