Mikel Galdos: "Kontrolik gabeko potentziak ez du ezertarako balio".

Mikel Galdos: "Kontrolik gabeko potentziak ez du ezertarako balio". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-galdos-quotkontrolik-gabeko-potentziak-ez-du-ezertarako-balioquot/@@download/image/65p21-1_1365513725.jpg
2006/07/07
elkarrizketa
Jon Odriozola
Mikel Galdos: "Kontrolik gabeko potentziak ez du ezertarako balio".
1984an Aretxabaletan jaiotako gazte honek ikasketak ez ditu inoiz gogoko izan; golf-zelaian, aldiz, "aske sentitzen" da.

Zure aita Larrabea klubean hasi zen golfean. Eta haren atzetik, semea etorri da.
Bai. 11 urterekin-edo, makila lehen aldiz hartu nuen. Hala ere, uda batean gehixeago jokatzen hasi nintzen, eta orduan zaletu nintzen erabat.

Amateur mailan emaitza onak lortu dituzu.

Bai, nahiz eta ordurako, beste batzuk kadete eta infantiletan puntan ibiltzen hasiak ziren. Junior mailan hasi arte, ez nintzen ondo jokatzen hasi.

Urte hasieran, golf-jokalari profesional bihurtu zinen. Zer moduzko esperientzia izan da?

Golfean jokatzea, edozein lanbideren antzekoa da. Urte luzez eutsiko ahal diot! Dena den, aurrera egiten ez baduzu ere, aukerak sortzen dira saltsan jarraitzeko: golf irakasle izan zaitezke…

Martxoan, Sevillan egin zenuen debuta profesional gisa, eta zortzigarren sailkatu zinen.

Irabazlearengandik zazpi kolpera geratu nintzen. Lasaia naiz, eta asko gozatu nuen.

Jimenez eta Lunaren atzetik gelditu zinen. Biak eskarmentu handiko jokalariak dira...

Haiek telebistaz ikustera ohituta nengoen, eta, halako batean, haiekin lehiatzen ikusi nuen nire burua. Ikaragarria!

Konpetentzia handia al dago golfean?

Bai, edozein kiroletan bezala. Hasieran, elkarri zortea opa diogu, baina hortik aurrera…

Oso abilak ez izan arren, burua hotz mantentzen dakiten horiek, golf-jokalari onak izan omen daitezke...

Duda barik. Ikusi ditut jokalari onak, ni baino hobeak, baina burua hotz ez izateagatik, erabat galduta ibili direnak.

"Poliki-poliki, aurrera"
. Hori al da zure leloa?

Lasai arituta, profesional bihurtu nintzen. Garai batean beroagoa nintzen.

Golf-a elitearekin identifikatzen da, ezta?

Gauzak aldatzen ari dira, herrikoiagoa bihurtzen ari da. Golfa modan dago, oraindik apur bat garestia den arren. Hala ere, bigarren eskuko material duina eros daiteke.

Golfean %65 psikologia omen da, eta gainontzekoa, teknika eta fisikoa.

Bat nator. Nahiko teknika ona dut: green-a kenduta, ondo moldatzen naiz alor guztietan. Kontrolik gabeko potentziak, ez du ezertarako balio.

Omega Masters del Tour-ek eta Britainiar Openak emakumeak onartzea erabaki dute.

Ez nago elkarren aurka jokatzearen kontra, baina sailkapenak zelaian lortu behar dira. Lortuz gero, primeran!