Mikel Agote: "Ez dakit zergatik baina surfa modan dago"

Mikel Agote: "Ez dakit zergatik baina surfa modan dago" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mikel-agote-quotez-dakit-zergatik-baina-surfa-modan-dagoquot/@@download/image/73p30_1365092117.jpg
2007/04/06
elkarrizketa
Lander Garro
Mikel Agote: "Ez dakit zergatik baina surfa modan dago"
Mikel Agote surflaria dela esaten badugu, morroi fin, pinpirin, beltzarana irudikatuko digute gehienek: txima luze horiak, palmeradun bainujantzia, quiksilver markako elastikoa, egurrezko lepokoa. Baina Agotek ez du estereotipo horrekin harremanik txikiena ere. Berekin hitzordua egiten baduzu, laneko jantziz agertuko zaizu, laneko ajez eta laneko zikinkeriz. Txorakeriarik gabe hitz egingo dizu, hika, argi, txiribueltarik, alferrikako osagarri eta klitxerik gabe.

Agoteren kasuan, ordea, esaten duena baino garrantzitsuagoa izan daiteke, akaso, egiten duena. Olatu erraldoiak hartzen ditu, inork hartzen ez dituenak; soilik ikusita, korrika alde egiteko gogoa pizten duten horietakoak. Olatutzarrak, itsasotik sortutako uhin beldurgarriak. Hain dira handiak eta azkarrak, ezen uretako motor baten laguntza behar izaten baitute, haren abiadura lortzeko. Motorraz eramanda, olatuaren gainean jartzen dira, eta olatuaren gainean, irristatu ordez, amildu egiten direla esan genezake: hormak dira urezko penditz ikaragarri horiek. Planeixako olatua, Zumaian, lehen aldiz beraiek hartu zuten, eta baita Agitiko olatua ere, Igeldo azpian. Ur gaineko ekintzok Ibon Amatriain lagunarekin burutzen ditu Agotek. Elkarri laguntzen diote. Lanean ere halaxe aritzen dira, elkarrekin, Oiartzungo Pukas enpresan.

Oriokoa eta itsasoan: arraunean behar zenuke…

[Kar, kar] Aita arraunlari ona izan nuen, makina bat aldiz Kontxako Bandera irabazitakoa. Txikitatik arrauna ikusi izan dut, baina aitak ez ninduen gehiegi animatu. Itsasoarekiko harmonia hori sentitzen erakutsi zidan, agian. Angula biltzailea eta arrantzalea da aita. Nik igerilekuan ikasi nuen ondo igeri egiten, baina lehenago, bere ontziaren inguruan ibiltzen nintzen, txiki-txikitatik.

Surflariak eta pijoak oso lotuta egon zarete gizartearen begietara; zein iritzi duzu?

Garai batean surf materiala garestia zen, ez zegoen edonoren esku, baina hori asko aldatu da. Hala ere, hiria eta herria bereizi egin beharko lirateke. Zarautzen, Orion edo Getarian surfak beste punttu bat dauka. Zaila da azaltzen; bizi egin behar da hori. Surflarien arteko harremana, adibidez, oso bestelakoa da. Herri txikietakook, Donostiakoekin, halako txokea izan dugu: "Zer pentsatzeie hiritar hauek?". Beti iruditu zaizkigu harroxkoak, nolabait.

Donostiako Zurriolako hondartzak, ez omen du ospe onik surfalien artean: zaila omen da surfa egiteko, etxekoek kanpokoak uxatzen dituztelako.

Surfa modan jarri da, eta hondartzak txikiak dira. Udan surflariak ugaritu egiten dira, eta mundu guztiak nahi izaten du uretan egon. Beraz, hor, ikasten ari direnak, maila ertainean dabiltzanak, goi mailan dabiltzanak… nahasten dira. Denak batera sartzen badira, kaka pila sortzen da, nahaste ikaragarria, eta horregatik sortzen dira gatazkak. Garai batean surflaria hippye-a zen, eta gaizki ikusita zegoen; gaur egun, ondo ikusita dago. Hippye-a zela esaten dudanean, itxuraz ari naiz; kasu batzuetan, behintzat, Visa txartela eramaten baitzuten patrikan! Hortik dator pijo ospe hori. Baina, esan bezala, horiek denak hirietako kontuak dira, nire ustez.

Surfarekiko aurreiritziak —aurreiritzi guztiak bezala— ezjakintasunak bultzatutakoak dira. Baina, gainera, inbidia punttu bat ere ez dago?

Ez dakit…
[Harridura aurpegia jarri du Agotek. Harridura aurpegiz, izan ere, elkarrizketa guztia darama. Surfaren inguruko soziologiak pixka bat jokoz kanpo harrapatzen du: hiritarron kontuak dira. Azkenean, ordea, erantzun bat eman du].
Hor topiko bat dago: ile horiak, txima luzeak, neska ederrak… Nik gauza bat esango dizut: txima horiak eraman ditut, eta neskak ez zaizkit batere etorri. Ligatu, gauez ligatu dut nik; guztiok bezala, ez hondartzan. Neguan, gainera, olatu onak daudenean, hondartzan ez da neskarik ibiltzen. Kanpotik saltzen da irudi hori. Udan badago horrelako zerbait, baina hiru hilabete besterik ez dira.

Eta zu, kontu horretatik kanpora zaude?
Kanpora? Aizu, baina kontu horrek adin bat dauka, e! Adin batetik aurrera… Nik inoiz ez dut hori ezagutu. Gainera, giro jakin bat behar da horretarako hondartzaren inguruan: tabernak-eta. Zarautzen, adibidez, badago pixka bat, baina Orion… Donostiako Bulebarrean, ia orotarik egin daiteke. Footinga egiten pasatu gaitezke, irristagailuen gainean, bizikletaz… baina surf oholarekin ibiliz gero, berriz, hortxe hasiko dira zurrumurruan, ahopeka: "Nora doa hori?", "Zertan dabil taularekin kalean?"…

Zarautzen ere ez al da horrelakorik gertatzen?

Ez dakit. Uste dut asko aldatu direla gauzak. Asko, ikaragarri. Garai batean surflaria, gizartearen begietara, gaizki ikusita zegoen: alferrontzia zen, kolpe zorrik ez zuen jotzen, drogatu egiten zen… Gaur egun, ordea, gauza asko saltzen da surfaren bidez. Autoak olatuen gainean jarrita saltzen dituzte iragarkietan; erreparatu al diozue horri? Surflaria oso ondo ikusita dago, marketin aldetik etekin onak ematen ditu. Nik hori sentitu egiten dut: "Zer pasatzen ari da surfarekin? Kontuz! Hondartzak txikiak dira, e!".

[Surfaren azalean geratzen ari garelako sentsazioa dugu, eta egia da, surfa askoz gehiago baita. Mikel Agotek, ordea, barrendik, bestelako ikuspegia du —akaso, surfa ondo ezagutzen duelako—: "Galdera interesgarriak dira horiek; nik ez dut horretan inoiz pentsatzen"].

Surf munduan larrutan gehiago egiten delako gerturatzen dira asko eta asko?

Uf! Ez dut uste. Surfa gogorra da, ez da berehala ikasten. Kirol ugari probatu ditut nik: saskibaloia, igeriketa, futbola, krosa… Asko. Dozenaka egin ditut. Eta ez dut surfa bezain kirol zailik aurkitu. Larrutan egiteko asmo hori balego, 16 urtetik 25 urte arte izango litzateke. 

Hirietan adin horretatik aurrera uretara animatzen diren asko daude, ordea.

Ez dakit zerk erakartzen dituen haiek. Niri, nire herrian, sarritan esan izan didate: "Ikaragarria, nola ibiltzen zareten olatuen gainean!". Gustura geratzen naiz hori entzundakoan, eta horixe pentsatzen dut: "kirol honek badauka zerbait". Naturarekin harremana, adibidez. Itsasoa egunero aldatzen da, olatuak aldatzen dira. Natura hor dago, eta hori ederra da. Eskalada eta horrelakoak egiten dituztenei hizketan entzuten diedanean, konturatzen naiz surfaren antzera, haiek ere naturarekin oso lotura estua dutela. Igerilekura igeri egitera joaten zarenean, sartu eta alde egiten duzu. Surfa ezberdina da. Ikasten ari bazara, batzuetan, uretara sartu eta itsasoak bota egiten zaitu, di-da. Ahaleginik gabe botatzen zaitu itsasoak, barruan ez bazaitu nahi. Hori ez da saskibaloi kantxan gertatzen. Horregatik ikusten dira, askotan, surf ikasleak itsas ertzean arraun egiten: itsasoa menperatzeko lan asko egin behar delako. Korronteak nondik datozen, nondik bultzatzen duten, itsasora nondik sartu… Itsasoaren indarra erabiltzen jakin behar da, hitz batean. Eskiatzera familia osoa joaten da, baina surfa egitera ez.

Surfaren defentsa ona egin duzu…

Badut oso gogoko esaldi bat, noizbait entzundakoa, ez da nirea: "Noiz ikusi duzu tenislari bat kantxari begira? Tente, beste ezer egin gabe, orduak eta orduak begira. Surflariak, ordea, askotan ikusiko dituzu horrela, naturari begira, euripean edo hotzez". Zergatik uste duzue egoten dela surflaria begira? Itsasoa beti aldatzen delako. Hondarrak hausten ditu olatuak —arrokak ere izan litezke—. Hondarra batzuetan laua da; beste batzuetan, berriz, alde batean pilatuta egoten da. Eta, horren arabera, era batera edo bestera puskatzen da olatua. Askotan, hondartzari begiratu eta hondarra alde batera ikusten duzu. Kamioi batekin hondarra mugitzen hilabeteak pasatuko genituzke, baina itsasoak sei ordutan mugitzen ditu tona horiek denak. Gero, Frantziako haizeaz edota hego haizeaz edo… has gintezke hizketan; nola eragiten dion haizeak olatuari eta abar.

Arrokak aipatu dituzu.

Bai. Hondarra biguna da, eta arrokak, gogorrak. Olatua hondoaren erresistentziari esker osatzen da, eta arrokak masa handia sostengatzeko gai dira; beraz, olatu handiagoak izaten dira arroketan. Harkaitz ikaragarriak daude itsas azpian, eta haien formaren arabera puskatzen da uhina. Zaila da hondarretan uhin handiak agertzea, aurrekoak bezain handiak.  

Motorraren laguntzaz egiten den surfa da tow-ina. Ezagun bihurtu zarete horrekin. Zein abantaia ematen dizue motorra erabiltzeak?

Esan bezala, bazterretik urrun izaten dira olatuak, eta motorrak hara iristen laguntzen digu. Horrez gain, olatua bera azkarregi joaten da besoez hartzeko. Motorrak aukera asko ematen ditu.

[Mikel Agotek shaper maskara txikia kendu gabe jarraitzen du elkarrizketa aurrera joan ahala. Kasketa, maskara, poliestirenoaren hautsa ilean eta jantzietan. Surfaren azaletik gauza serioagoetara pasatzeak, ordea, motibatu egin du. Askatzen ari da. Pukasen fabrikan, Oiartzunen, lanak egiten ari dira. "Hobetzen ari dira". Hobetzen, eta zarata ateratzen. Zalantzaz begiratu digu Agotek: "Beste toki batera joango al gara?". Baietz esan diogu, grabazioa entzungo ote den dudatan, eta Agotek fabrikan zehar eraman gaitu, lankide guztiak agurtzen. Giro berezia dute fabrikan. Shaperak, administraziokoak, diseinatzaileak, arduradunak… Denek elkarrekin lan egiten dute, eta ezohiko horizontaltasunez agurtzen diote elkarri. Mikelek gurekin ordubete baino gehiago darama, baina ez dio ardura. Beste edozein enpresatan, jo eta kanporatu egingo lukete. Lasaitasuna eskertzen da, nahiz eta zarata ikaragarria izan. Une batez, Ibon Amatriain agurtu dugu. Txikia da Amatriain. Hitz gutxikoa. Itsas gizon petoa da. Azkenean, biltegian sartu gara, oraindik dekoratu gabeko taula mordo baten erdian. Paisaia onirikoa da, gezurrezkoa balitz be-zala. Halako batean, gizon bat agertu da, eta ingeles doinuz galdetu du, ea zer ari ginen konspiratzen. "Amerikarra da, shaper ona", azaldu du Agotek].

Olatu handiena kanpotik dator, ezta?

Bai, kanpotik dator. Hemen surfa berria da. Hemen, oraindik, ez duzu aitonarik ikusiko surfean; 50 urtera ez da ailegatzen zaharrena. Frantzian eta beste toki batzuetan, berriz, bai, ikusten dira.  Hemen ez, ordea. Indonesian, adibidez, Australiako hainbat agure ikusi nituen. Kalifornian, gogoan dut aitona bat ikusi nuela San Clemente herrian, eta ez pentsa izutzen zenik! Errespetua merezi du jende horrek, esperientzi handia duelako. Jada ez dago gazteen mailan, ez du gazteen erraztasuna, baina kontuz, asko jakin dezake… Gaia pixka bat alde batera utzi dudala uste dut…

Bai, baina segi, segi..
Hawaitik dator olatu handiena. Ohol handiak ibiltzen dituzte han; izugarrizko katxarroak! Olatua azkar etortzen da, eta ezin da taula txiki batekin hartu, motelagoa delako. Tren bat ezin da korrika hartu, ezta? Gauza bera surfean: tresna ona behar da hartzeko. Behin metro batzuk pasatu ondoren, olatua oso azkar etortzen da, eta hor azaltzen da tow-in teknika. Itsasoak barruraka egiten du, eta zuk motorrari eutsi behar diozu, abiada hartu, eta, hop!, askatu, olatuaren abiaduran. Kanpoan jendea izaten dugu laguntzen, eta irrati bidez esaten digute zein den egoera. Launaka edo bosnaka etortzen dira olatuak, eta azkenaurrena edo azkena hartu behar da, atzekoaren aparrak ez harrapatzeko. Olatuak sekulako indarra du.

Arriskutsua ere izango da…

Tahitin, adibidez, Bora-Bora irlan, korala hortxe dago, bi metrora. Kontuz ibili beharra dago. Istripu larriak izan baitira han.

Han, diozu? Zuek ere izan duzue ezbeharren bat, ezta?

Bai, ezaguna izan zen. Ibon motorraz zihoan, eta zertxobait berandu saihestu zuen olatua, jada pixka bat hausten ari zela, eta erori egin zen motorretik. Olatuak motorra arroketara eraman zuen. Ibon ondo atera zen arroketatik, baina nik ezin izan nuen, eta ia bi kilometro igerian egin behar izan nituen. Ordu eta erdi pasatu nuen igerian, eta itsasoan 11 gradu besterik ez zeuden. Gaizki pasatu nuen, egia esan. Bitxia da, zeren eta istripu horrek egin du towina ezagun. Ordura arte, inork ez zuen ezer esaten. Motorra harkaitzetan ikusteak morboa piztu zuen, nonbait. Gu inguru hartan askotan ibili gara: 07:00etan esnatu, itsasora sartu, eta gero lanera. Askotan pentsatu izan dugu motorra arroketara joanda, ez zuela inork handik aterako, baina gurea bai, atera zuten! Sasoia behar da. Gero, ordea, ez zuen ezertarako balio.

[Grabazioa eten dugu. Taula zurien unibertso bitxia utzi dugu —biltegia—, eta fabrikan sartu gara bu-eltan. Agotek bere taulak erakutsi dizkigu, Kream markakoak. Datu deigarria eman digu: berak egiten ditu Kream markako taula guztiak. Taula guztietan, bestalde, M eta A letrak daude, elkarren ondoan. Bere sinadura da. Gero Amatriainekin elkartu gara argazkia egiteko. Uretan bikotekide dira, eta baita irudietan ere].