Michael Fassbender: Erakarpen naturala

Michael Fassbender: Erakarpen naturala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/michael-fassbender-erakarpen-naturala/@@download/image/20121317689mich_1371038406.jpg
2012/02/03
erreportajea
Aitor Abaroa
Michael Fassbender: Erakarpen naturala
Atsegina, hurbilekoa, alaia, katxondoa, naturala. Halakoxea da Michael Fassbender. Hori da, behintzat, iragan irailean Donostian erakutsi zuena. Kotxe ofizialak alde batera utzi eta bere motoan iritsi zen Maria Kristina hotelera.

Protokolo kontuak ahaztu, kaskoa kendu eta zigarro bat erre bitartean zain zituen zale guztiak banan-banan agurtu zituen. Hamaika argazki atera zizkioten eta guztietan irribarretsu, benetako irribarrez, zinez. Eta gainera ezin guapoagoa da, berezkoa du erakargarritasuna. A, eta aktore ona al da? Bikaina.

Termopiletako gudan ikusi genuen lehen aldiz, Stelios espartarraren azalean, Zack Snyder zuzendariaren 300 (2007) berritzailean. Gorputza bazuela erakutsi zuen, Photoshoparen behar handirik gabe. Espirituarekin konbentzitu zituen adituak, ordea. Bobby Sands iraultzaile irlandarrak Long Kesh espetxean bizitako sufrikarioa hezurretara arte sentiarazi zion ikusleari Steve McQueenen Hunger (2008) laudatuan. Ama ipar irlandarra izateak lagunduko zion ziurrenik. Eta aita alemaniarra izateak Quentin Tarantinoren Inglorious Basterds (2009) zoragarriko naziak akabatzeko motibazioa ere emango zion.

Iritsi zen 2011 eta... Jane Eyre eleberriaren moldaketan sedukzio klasikoa, gogorra erakutsi zuen. X-Men: First Class zirraragarrian Magnetoren itzala bistaratu zuen begien atzean, boterearen lilura. A Dangerous Method psikoanalistan intelektualtasunaren xarma azaleratu zuen. Eta Shame. Urteko interpretazioa. Miseria pertsonalak gainditzeko sexua bide duen gizon hori, bide horrek amildegira daraman gizagaixoa, gizakia mugan. Erakargarri bezain gorrotagarri, boteretsu bezain ahul. Hilabete honetan estreinatuko dute areto komertzialetan. Derrigorrezkoa.

2011ko aktorea izan da, zalantzarik gabe. Baina hori iragana da jada. Datorren hilean Steven Soderberghen esanetara ariko da Haywire frenetikoan. Eta aurrerago etorriko da Ridley Scotten proiektu berria, Prometheus. Guztia dauka Hollywoodeko ikono berria izateko. Kalean aurkitzen baduzu, baina, eskatuiozu argazki bat, irribarre batekin hartuko zaitu eta.

Nortasun Agiria


Izena: Michael Fassbender.
Jaioteguna: 1977-04-02.
Jaiolekua: Heidelberg (Alemania).
Film gustukoena: The Big Lebowski (Coen anaiak, 1998).
Aktore estimatuena: Daniel Day-Lewis.
Musika talde kuttuna: The Cooper Temple Clause.
Maite ditu: Motoak eta kart-ak.