Mexikar emakumeek historia egin dute: Menstruazio Duinaren Legea onartu da!
#MenstruacionDignaMéxiko mugimenduak hilerokoaren kudeaketa bere herrialdeko agenda publikoan jartzea lortu zuen aurreko urtean hiru helbururekin: menstruazioko higiene eta osasun produktuak doakoa izatea Mexiko osoan, BEZa kentzea eta Estatuak gaiari buruz informazioa eta estatistikak maila nazionalean zabaltzea. Alta, pasa den urrian Diputatuen Kamerak ideia atzera bota zuen.
Emakume mexikarrak ez ziren isilik geratu ordea, eta berriz ere gaia agendan jartzea lortu zuten lege honen garrantzia azpimarratuz eta hau ez onartzeak biztanleriak izan dezakeen ondorio negatiboak mahai gainean jarriz. Euren argumentuen artean zegoen %16ko BEZak Giza Eskubideak hausten dizkiela emakumeei eta hileroko izaten duten pertsonei. Gainera, aipatu zuten indarrean dagoen legeak ez duela ezberdintzen baliabide ekonomikoak dituen pertsona ez dituenetik, ezberdintasun sozioekonomikoa areagotuz.
Aste honetan, Diputatuen Kameraren ukapenetik bost hilabete pasa direla, emakume mexikarrek historia egin dute. Michoacán-go Kongresuak euren eskariak onartu eta Menstruazio Duinera Legea onartu du. Gisa honetara, hezkuntza sexuala bermatzeko hezkuntza sisteman osasun sexual eta ugaltze hezkuntzaren inguruko klaseak txertatuko dira, beste gauza askoren artean. Horretaz gaindi, tanpoiak, kopak eta hilerokorako behar diren beste zenbait produktu doan eskainiko dira behar dituzten pertsona guztiei eskola publikoetan. Honela, Michoacán Mexikoko lehen estatua bilakatu da Menstruazio Duinaren Legea onartzen. Ez dadila azkena izan!