Messenger alternatibak

Messenger alternatibak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/messenger-alternatibak/@@download/image/87p12mesenger_1363301867.jpg
2008/07/04
erreportajea
Testua: Gorka julio
Bi pertsona edo gehiagoren artean internetez mezuak elkartrukatzea ahalbidetzen du barne mezularitzak. Messenger programa askok testu, audio eta bideo bidez komunikatzeko aukera ematen dute. Gainera, euskarazkoak eta libreak dira haietako batzuk. Msn Messenger da programarik ezagunena, baina alternatiba gehiago ere badira. 

Hainbat saretan eta hainbat eratan lan egiten duten programa asko daude. Baina, era berean, programa batzuk sare mota batean baino gehiagotan erabil daitezke. Adibidez, Pidgin programa erabiliz gero, Yahoo, MSN eta Google Talk-en erabiltzaileekin hitz egiteko aukera izango duzue. Hona hemen messenger programa aukera zabala.
•
Windows Live Messenger (http://messenger.live.com):
Jende askok erabiltzen du berehalako mezularitza programa hau. Webcam bidezko komunikazioa, audioa, fitxategien bidalketa eta abar onartzen ditu. MSNP sarea erabiltzen du. Windows sistementzat bakarrik.
•
Yahoo Messenger (http://messenger.yahoo.com):
Yahooren mezularitza programa interesgarria da, eta aukera asko ematen dituen plataforma anitza da: webcama, audioa eta bideoak onartzen ditu. YMSG sarea erabiltzen du.
•
Google Talk (http://google.com/talk/):
Googleren programa honen bidez, testu eta audio komunikazioak egin daitezke. Jabber protokolo librean oinarritutako programa da, eta beraz, ez da beharrezkoa Google-ren kontu bat edukitzea Google Talk programa erabiltzeko. Nahikoa da Jabber kontu bat izate.
•
Pidgin (http://pidgin.im):
Aurreko sare gehienak onartzen dituen programa eta plataforma anitza da. Protokoloetatik XMPP, MSNP, YMSG, OSCAR eta Jabber onartzen ditu. Programa librea da, euskaraz dago, eta aukera interesgarria da interneteko gure lagunek zerbitzu bat baino gehiago badituzte.
•
Skype (http://skype.com):
Berehalako mezularitza programa hau audio bidezko telefoniara bideratua dago. Skyperen bitartez, ordenagailuen arteko deiak egin ahal izango ditugu, baina baita ordenagailu eta telefono artekoak ere (diru baten truke, hori bai!). Ez da programa librea, baina dohainik da. Horrez gain, plataforma anitza da. Protokolo propioa erabiltzen du programa honek: Skype protocol.
•
Open Wengo (http://openwengo.org):
Programa libre hau skyperen antzekoa da. SIP protokolo librearen gainean lan egiten du, eta plataforma anitza da. Firefox nabigatzailetik erabiltzeko aukera ematen duten gehigarriak ditu, eta, horrez gain, webcam bidezko komunikazioa ahalbidetzen du. Zenbait kasutan, aukera interesgarria izan daiteke deiak merkeago egiteko eta audio edo bideoz komunikatzeko gure lagunekin.
•
Meebo (http://meebo.com):
Ezer instalatu gabe, soilik nabigatzaile baten laguntzaz, Yahoo Messenger, Windows Live Messenger, Google Talk eta abar erabiltzeko aukera ematen duen zerbitzua.

Aukerak probatu ondoren, zuek ikusi beharko duzue zein programa erabili. Programa librea bada eta protokolo anitz batean oinarrituta badago, askoz hobe, noski.

HARRITU GAITU


Adierazpen askatasuna? Harritu gaitu, internet hedabide librea izanik eta (ustez behintzat) adierazpen askatasuna onartuta dagoenean, interneten iritziak emateagatik Euskal Herrian jendea atxilotzeak. Horixe gertatu zaio Ordiziako lagun bati (http://www.berria.info/edizioa_ikusi.php?id=27351). Argi dago: Euskal Herrian oso gauza harrigarriak gerta daitezke.

KATXONDOENA


3Arranoren webgunea. Euskarazko joko asko topatuko dituzu webgune honetan. Joko horietako asko jaitsi egin ditzakezu ordenagailura, baina beste asko on line aritzeko dira. Frozen Booble, Pang, bilarra…  Denak euskaraz eta doan. (http://www.3arrano.com/jokoak/)

INFORMAZIO BILA


Herri hizkerak interneten. Ahotsak proiektuak Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri-hizkerak bildu eta ezagutarazi nahi ditu. Han eta hemengo aitona-amonak elkarrizketatu, euren bizipenak ezagutu, eta euren euskara ederra jaso eta zabaltzea da helburua. Oso proiektu polita da, bestela ahozko altxor hori galdu egingo litzateke eta. Ahotsak-eko lagunak era guztietako kontuez aritzen dira aitona-amonekin: gai sozialak, gerra zibila, sexu harremanak, eskola, lan baldintzak... Merezi du sartzeak (http://www.ahotsak.com)