Mendea amaitzean habitat naturalen %23 ez da existituko

Cambridge Unibertsitateko ikerketa batek ondorio tristea kaleratu berri du Nature Communications aldizkarian; 2.100 urterako munduko habitat naturalen %23 horren kalteturik egongo dira, desagertutzat eman beharko ditugula. Ondoriorik larriena fauna basatiak pairatuko du, milaka espezie desagertzeko arriskuan ipiniz.
Azken hiru mendeetan dagoeneko %18 murriztu dira ugaztun, hegazti eta anfibioen habitat naturalak, eta dirudienez, joera areagotu egingo da datozen urteetan. Ikerketa burutzeko 170.000 espezieren aldaketa geografikoak aztertu dituzte 1.700 urtetik gaur egun arte, eta ondorioak aipatutakoak dira; ekosistemen laurdena desagertuko da.
Guztietan kalte larrienak jasango dituen ekosistema tropikala izango da, hain zuzen, biodibertsitate handiena duen ingurua; bertako zuhaitzen mozketa masiboa eta kontrolik gabeko suteak triskantza izugarria eragiten dabiltza, gehienbat palmondo olioa ekoizteko.
Ikerketaren beste ondorio negatibo batek dio ekosistema asko direla arriskuan egongo direnak, planetaren bioaniztasuna benetan kinka larrian ipiniz. Gauzak horrela, 2.100 urterako Amazonas basoa izateari utzi diezaioke, larre bilakatuz; egun bertan bizi diren milaka espezietako gehiengoa desagertu egingo litzateke hau gertatuko balitz, eta munduak bere birika nagusia galduko luke. Klima Aldaketak ekosistema hauen suntsitzea azkartu dezake gainera, gainbehera uste dena baino lehenago ekarriz.