Megan Fox: Bekatari mega(n)sexya

Megan Fox: Bekatari mega(n)sexya https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Megan Fox: Bekatari mega(n)sexya
Hollywoodeko zeru ilunean bizitasun handiz distira egiten duen izarra da Megan Fox. Duela bi urte egin zen ezagun Michael Bay zinemagilearen Transformers (2007) filmean. Orduz geroztik, modako aktore baino gehiago, desioaren gorputz bilakatu da neskatoa. FHM aldizkariak, kasu, munduko neskarik sexyena izendatu zuen iaz. Edertasunak, ordea, ez du ezer bermatzen. Hortaz, talentuaren xendra aurkitu beharko du albait lasterren, ahanzturaren ozeanoan hondoratutako izar iheskorren patua saihestu nahi badu, behintzat.
Ederra bezain ahoberoa da Megan Fox. Eskandaluak saltzen duela baitaki. Hala, AEBetako hedabideen puritanismo itsua erabili ohi du usu bere buruari propaganda egiteko. Nerabe baten libidoa duela, neska stripper batekin maitemindu zela, drogak hartzen dituela, Disney gorroto duela, eta beste hainbat pitokeria ere aitortu izan ditu azken sasoian. Horrez gain, Angelina Jolie kutunaren antzera, tatuajez josita dauka gorputza. Bederatzi ditu guztira. Ausartena iztaian; 'Brian' irakur daiteke bertan.
Brian Austin Green aktorea –Beverly Hills, 90210 telesail kerratuko David aberaskume inozoa– da, hain justu, Megan Fox kaskarinaren bikotekidea. Jenna Jameson porno izarra burutik kendu ezinik zebilenean apurtzear izan ziren arren, elkarrekin jarraitzen dute. Ez dirudi, baina, harremanak luze iraungo duenik. Tentazioak ekidinezinak zaizkio eta Megan Fox bekatariari.
Apurka-apurka bada ere, amets umelen erregina huts izateari utzi eta egitasmo erakargarrietan parte hartzen hasia da. Karyn Kusamaren Jennifer's Body (2009) odoltsuan, esate baterako. Datorren urtean, berriz, Jonah Hex western basan eta Passion Plays drama musikalean ikusiko dugu Marilyn Monroeren tatuajea besaurrean daraman dama. Kontuz ibili beharko du Ametsen Fabrikan, ostera. Anbizio ilehoriak berak zera baitzioen: "Hollywooden 1.000 dolar ordaindu diezazukete musu bakar batengatik, baina 50 zentabo besterik ez arimarengatik". Izan ere, haragia baino are merkeagoa da arima Los Angeleseko infernuan.
Nortasun Agiria:
Izena: Megan Denise Fox
Jaioteguna: 1986-V-16
Jaiolekua: Rockwood (Tennessee, AEB)
Mutil-laguna: Brian Austin Green aktorea
Aktore kutunena: Judy Garland
Musika talde gogokoenak: Nirvana eta Mötley Crüe
Film maiteena: The Wizard of Oz (Victor Fleming)
Zaletasuna: Surfa egitea.
Edertasun produktu bat: N.Y.C.-ren eyeliner beltza
Bitxikeria: Bederatzi tatuaje ditu gorputzean
Bizioak: Sexua… eta PEZ gozokiak
Bertuteak: Edertasuna eta