McGuffin-ak eta ikuslea harrapatzeko amarruak

McGuffin-ak eta ikuslea harrapatzeko amarruak McGuffin: Ez nahastu, gaur egun, modernoek betiko magdalenei deitzeko erabiltzen duten “Muffin” hitzarekin. McGuffin-a, ikus-entzunezkoetan erabiltzen den baliabidea da, istorioan garrantzi gutxi edo batere ez izan arren, pertsonaiek argumentuan aurrera jarraitzeko balio duena. Batzuek, gidoia lantzerako orduan, ikuslea harrapatzeko amarru oso eraginkorra dela diote. Besteek aldiz, istorio baten barruan argibiderik gabe uzten den elementu iruzurgilea. Eztabaida hau argitzeko, Alfred Hitchcock zuzendaria gonbidatzea izango da onena, berak egin baitzuen teknika ezagun, baita hitza bera ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mcguffin-ak-eta-ikuslea-harrapatzeko-amarruak/@@download/image/Captura de pantalla 2020-02-06 a las 08.09.51.png
2020/02/06

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

McGuffin: Ez nahastu, gaur egun, modernoek betiko magdalenei deitzeko erabiltzen duten “Muffin” hitzarekin. McGuffin-a, ikus-entzunezkoetan erabiltzen den baliabidea da, istorioan garrantzi gutxi edo batere ez izan arren, pertsonaiek argumentuan aurrera jarraitzeko balio duena. Batzuek, gidoia lantzerako orduan, ikuslea harrapatzeko amarru oso eraginkorra dela diote. Besteek aldiz, istorio baten barruan argibiderik gabe uzten den elementu iruzurgilea. Eztabaida hau argitzeko, Alfred Hitchcock zuzendaria gonbidatzea izango da onena, berak egin baitzuen teknika ezagun, baita hitza bera ere.
McGuffin-ak eta ikuslea harrapatzeko amarruak

Ezagunak izan ziren suspensearen maisuak bere ibilbidean erabili zituen elementu, teknika eta baliabide zinematografiko ugariak. Hitchcock/Truffaut, liburuan zinegile ingelesak François Truffaut zuzendariarekin egindako elkarrizketa sorta ageri da. McGuffin izena nondik datorren ere azaldu zuen: “Izenak jatorria music-hallean du. Bi gizon tren batean zihoazen eta haietako batek besteari honakoa galdetu zion: ‘Zer duk hire buru gaineko maletategian doan pakete hori?’. Besteak erantzun zion: ‘Ah, hori McGuffin bat duk’. Beste gizonak bigarrengoz galdegin zion: ‘Zer duk McGuffin bat?’, eta bere bidaia kideak erantzun: ‘McGuffin bat Eskozian lehoiak ehizatzeko gailu bat duk’. ‘Baina Eskozian ez zagok lehoirik’, bota zion lehenbiziko gizonak. ‘Orduan hor dagoena ez duk McGuffin bat’, amaitu zuen bigarrenak”.

Benetan garrantzitsuena McGuffin hori pantailan ez azaltzea zenez, emandako erantzuna hitzaren jatorria saihesteko sortu zuen hitz joko bat besterik ez zen izan. Zazpigarren artera eramanda, kontzeptuaren funtsa berdina zen. Bere filmografia errepasatuz gero, argi eta garbi antzeman daiteke, Rear Window (1954) filmean adibidez: inoiz ikusten ez dugun ustezko hilketak protagonista eta bizilagunen arteko trama sortzen du. Edota North by Northwesten (1959), James Masonen pertsonaiak jarraitzen dituen dokumentu sekretu horiek. Edo, nola ez, Psycho (1960) ezagunean, Norman Bates azaltzen den unean, ustezko argumentu nagusia zirudien diru lapurreta erabat baztertzen denean.

Baina Hitchcock alde batera utzita, errekurtso hau zinemaren historian eragin handia izan duen beste zuzendari batek ere sarritan erabili izan du: Quentin Tarantino. Pulp Fiction filmean (1994) ageri den maleta ezagunarekin adibidez. Istorioaren hainbat unetan ageri den objektua da. Badakigu protagonistentzat garrantzitsua dela, baina ez da ikusleak arreta gehien eskaintzen dion elementua. Barruan zer dagoen jakin nahi dugu, baina funtsezkoena da Vincent Vega eta Mia Wallaceren arteko zita nola joango den. Orduan, objektu hori gidoitik ezabatu eta berdin-berdin? Ez. Maleta hori existituko ez balitz, Marcellus Wallacek ez lituzke Vincent eta Jules kontratatuko eta agian Samuel L. Jacksonek gorpuzturiko hiltzaile horrek ez luke bere etorkizuna zalantzan jarriko duen “miraria” jasango. Laburbilduz, guretzat oharkabean pasa den elementua, istorioan inflexio-puntua izan da. Horregatik izan ez balitz, aurrerago gertatuko diren akzio guztiek ez lukete inongo justifikaziorik izango.

Dena den, ez du zertan objektu bat izan. Istorioa aurrera eramateko motor hori kontzeptu bat ere izan liteke . Citizen Kane (1941) filmean esaterako. Argumentu nagusia Charles Foster Kean (Orson Welles) estatubatuar enpresaburu garrantzitsuaren bizitzari buruzkoa da. Komunikabideetako William Randolph Hearst-en bizitzan oinarritua dago. Filma, enpresaburuak bere heriotza unean aipatutako hitz batez hasten da: “Rosebud”. Iritzi publikoa hitz horren zergatiaren jakin-minez dago eta kazetari talde bat esanahia topatu asmoz haren bizitzaren xehetasunak ikertzen hasiko dira.

Baina ikuspegi orokor batetik aztertuz, kontzeptua bi generoetan antzematen daiteke gehien: alde batetik, abenturak ardatz dituzten filmak. Indiana Jonesen, pertsonaiari aurrerago gertatuko zaizkion gertaera guztien motibazio iturri izango den erlikia konkretu baten bilaketa adibidez. Edo pantaila txikian. Lost telesailean esaterako. Trama nagusia gertaera harrigarriak jasaten dituen irla batean gertatzen da. Irla horretan gertatzen diren misterio gehienak, jatorria barne, argitu gabe geratzen dira. Istorioa eta, batez ere, telesailaren benetako bihotza diren pertsonaiak “mugitzeko” McGuffin bat besterik ez zen izan.

Eta bestetik jakina, suspense eta espioitza filmetan: mikrofilm bat, datu oso garrantzitsuak dituen diskoa, babestu beharreko pertsona bat… beti dago guztia mugituko duen McGuffin horietako bat. Hori bai, inongo arazorik gabe beste edozerengatik ordezka daitekeena: okerreko eskuetan erori ezin den arma arriskutsua, super-armada bat sortzeko gakoa emango lukeen formula sekretua…

Xehetasun hutsala dirudien arren, gaur egun kontsumitzen ditugun ikus-entzunezko produktuak aztertuz gero, gidoi-teknika hau etengabe ageri dela ohartuko zarete. Ikuslea harrapatzeko tranpa orduan? Nire ustez ez. Amaierako mezuraino iristeko, kontsumitzailea eta produktuaren artean dagoen komunikazio hori errazteko baliabide bat besterik ez delako. Tarteko hari guztiak ongi ehunduta utzi behar direnez, gidoilariek gida moduan istorioa eraikitzen laguntzeko erabiltzen duten ideia edo arrazoia, besterik ez.