Matxalen Ziarsolo: "Eskuek poz handiak ematen dizkigute"

Matxalen Ziarsolo: "Eskuek poz handiak ematen dizkigute" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/matxalen-ziarsolo-quoteskuek-poz-handiak-ematen-dizkigutequot/@@download/image/84p48matxalen2_1363643789.jpg
2008/04/04
elkarrizketa
Matxalen Ziarsolo: "Eskuek poz handiak ematen dizkigute"
Matxalen Ziarsolo Areitioaurtena. 26 urte. donostiako Akaba Bera-Bera eskubaloi taldeko jokalaria. Ermutarra da jatorriz, baina Zarautzen bizi da. Pozik dagoenean, Amparanoia taldea topera jartzen du. Eskuz esku aritu gara sexuaz.

Toki erogenoak aipatzen direnean, beti eskuak ahanzten ditugu. Eskuak ez dira erogenoak?
Baietz esango nuke, eskubaloian aritzen garenoi eskuek satisfakzio handiak ematen dizkigute. Guk esku trebeak ditugu, eta azkenean edozein gauzatarako erabiltzen ditugu; gauza bakoitzean behar den moduan, noski.

Sexuan nola, gora-gora ala behera-behera?

Lehenengo gora-gora, eta ondoren behera-behera.

Partida garrantzitsu baten aurretik, ona da sexua praktikatzea?

Hori diote, ona dela tentsioak kentzeko. Mutilen kasuan ez dakit zer esaten duten, baina nesken kasuan, beti esaten dute hobea dela.

Beraz, zuek pozik iristen zarete partidetara…

Kontzentratuta iristen gara.

Sex aple handia omen duzue kirolariok…

Ez dut uste. Beharbada, mutil kirolariek izango dute, baina mundu honetan, ez dut uste neska kirolariok halako eragina daukagunik besteengan.

Bizkaitarrek bero ospea duzue. Egia da?

Sekula ez nuen halakorik entzun, baina hala bada, hobe guretzat! Ermutik Zarautzera ez dut aldaketa handirik sumatu.

Bera-Berako aldageletan, hitz egiten duzue sexu kontuez?

Bai, leku guztietan hitz egiten den moduan. Azkenean, gauza normala da, eta edozein tokitan hitz egin beharko litzateke horretaz. Konfiantza handia dugu elkarrekin. Baina hori ez jarri titularrean!