Maskotentzat janari osasungarria, negozio berria

Maskotentzat janari osasungarria, negozio berria Etxeko lau hankako lagunen elikadurak garrantzi handia hartu du azkenaldian, eta sekulako industria jarri da martxan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maskotentzat-janari-osasungarria-negozio-berria/@@download/image/466471677.jpg
2019/08/19
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Etxeko lau hankako lagunen elikadurak garrantzi handia hartu du azkenaldian, eta sekulako industria jarri da martxan.
Maskotentzat janari osasungarria, negozio berria

Adingabekoak baino gehiago dira gure artean bizi diren maskotak, eta noski, sekulako diru mugimendua eragiten dute. Haurrek bezala, lau hankako lagunek beharrak dituzte, eta behar horiei geroz eta zorrotzago erreparatzen diete jabeek. Hala, azken negozioa maskoten elikadura da; kezkatutako jabeek lupaz begiratzen dute beren lagun iletsuek ahoratzen dutena, eta kalitatea eskatzen dute. 

Hain da zabala maskotei zuzendutako elikaduraren industria, krisiak ere ez duela sektorean ia eraginik izan. Txakur edo katuak etxean dituztenen kopurua etengabe hazi da azken urteetan, eta joerak gora egingo duela diote adituek. Hala, maskotentzat elikadura osasungarria nahi dutenen eskaerak nabarmen egin du gora. Izan ere, gure osasuna zaintzen badugu, zergatik ez etxeko lagun iletsuena?

Bakarrik katuak eta txakurrak kontuan hartzen baditugu, Europako Batasunean 140 milioi maskota bizi dira, eta 132 elikadura konpainiek hornitzen dute pentsuen merkatua. Soilik iaz, elikadura industria honek 21.000 milioi euro fakturatu zituen. 


Barf dieta, pentsurik gabe.

Alemania da maskoten elikadura osasungarriaren industria gehien zabaldu den herrialdea. Bertan, bereziki txakurrei zuzendutako haragitegiak aurkitu daitezke, besteak beste. Alemania da hain zuzen Europan maskota gehien dituen herrialdea; bere atzetik doaz Erresuma Batua, Frantzia, Polonia, Italia eta Espainia.

Eta nolakoa da maskotei zuzendutako elikadura osasuntsu hori? Jabeek produktu biologikoak eskatzen dituzte, ez industrialak eta zerealik gabekoak. Ahalik eta elikagai naturalenak nahi dituzte, eta hala sortu da horren modan jarri den barf dieta; pentsuen ordez, animaliei ondo aukeratutako haragi gordina ematean datza dieta hau. Dieta hau defendatzen dutenen iritziz, pentsuak animalien janari azkarra dira, eta naturalena haragia eskaintzea da.