Maskara euritan; nola erabili?
Udazkenean sartu berri gara, eta laster etorriko dira euri zaparradak. Euritakoa, berokia, bufanda eta katiuskak ez dira udazkeneko elementu bakarrak izango gure soinean; maskara ere, gurekin eraman beharko dugu. Baina, zer egin euritan maskara bustitzen bada?
Adituek diotenez, maskara bustitzen bada eraginkortasuna galtzen du, eta beraz, aldatu beharra dago. Maskara kirurgikoak 4 ordura aldatu behar diren arren, gehiengoak egun osoan erabiltzen du maskara bera. Honek hainbat arrisku ditu; maskarak eraginkortasuna galtzean ez du zerbitzurik egiten, eta gainera, gu geu gaixotu gaitezke, erabileraren ondorioz maskaran sortzen diren mikroorganismoekin.
Eta zergatik bota behar dira maskarak bustitzen badira? Bi arrazoi daude; barrutik bustitzen badira geure listu ala izerdiarekin, bakteriak ugaritu egiten dira eta ahoan ala azalean gaixotasunak eragin ditzake. Kanpotik bustitzean berriz, maskararen kapa babesgarriak kaltetu egiten dira, eta dagoeneko ez ditugu ingurukoak babesten.
Apur bat bustita berez ez da ezer gertatzen, baina hezetasun handia hartu badute aldatzea da gomendagarriena. Onena? Alboan ordezko bat eramatea beti, ez bakarrik euriagatik, erori egiten bazaigu ala gehiegi ukitzen badugu... hobe poltsikoan beste bat izatea ezer gabe gelditzea baino!