Martxoaren 15ean, Zart Fest jaialdia Dokan

Martxoaren 15ean, Zart Fest jaialdia Dokan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxoaren-15ean-zart-fest-jaialdia-dokan/@@download/image/zart_fest_1393492364.jpg
2014/02/27
berria
Martxoaren 15ean, Zart Fest jaialdia Dokan
Zart kultur elkartearen urteurrena ospatzeko, Zart Fest jaialdia egingo dute martxoaren 15ean, larunbata, Donostiako Kafe Antzokian. Fira Fem madrildarrak, Pasaiako Anai Arreba, Pontevedrako Unicornibot eta Joseba Irazoki beratarra entzungai. GAZTEZULOn sarrera bikoitz bat zozkatuko dugu!


Zart kultur elkarteak urte bete egin berri duen honetan, musikaz bustiriko jaialdia antolatuko du Doka Donostiako Kafe Antzokian. Hala, ekitaldi berezirako, rock, pop eta elektronika melodiak menderatzen dituzten Fira Fem madrildarrak jarri dituzte kartel-buru; Primavera Sound, Dcode, Fun Festival, MMVV eta FIB jaialdi entzutetsuetan aritu ostean, gurean izango dira lehen aldiz iaz aurkeztu zuten Fira Fem diskoa entzunarazten.

Haiekin batera izango da Pasaiako Anai Arrebak dance taldea, aurki kaleratuko duten diskoa oraindik entzuteko aukerarik izango ez den arren. Halaber, Unicornibot galiziarrek psikodelia, rock progresiboa, rock klasikoa, math rocka eta hardcorea uztartuko dituzte zuzeneko indartsuan, eta Joseba Irazoki bakarlariak gitarra, bonboa, armonika eta eskura dituen instrumentu guztiak baliatuko ditu giroa berotzeko.

Azkenik, Royal Jaleo DJ donostiarrek gaua infinitura arte luzatuko dute.

Sarrerak
Jaialdirako sarrerak salgai dira dagoeneko hemen. Aurrez erosita, hamar euro balio dute; egunean bertan, aldiz, hamabi. Baina zorioneko zaude, lagun, hemen sartu eta GAZTEZULOren zozketan izena emanez gero, sarrera bikoitz bat irabazi ahal izango baituzu. Animatu!