Martxan da 'Euskaraz bizi nahi dut' film labur lehiaketa

Martxan da 'Euskaraz bizi nahi dut' film labur lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-euskaraz-bizi-nahi-dut-film-labur-lehiaketa/@@download/image/euskarazbizi_1436866535.jpg
2015/07/14
berria
Erredakzioa / @Gaztezulo
Laugarren urtez abiatu du Euskaraz bizi nahi dut egitasmoak izen bereko film labur lehiaketa. Profesional eta amateurrei zuzenduta, abuztuaren 24ra bitarte zabalik da lanak bidaltzeko epea. Hamar lan hoberenak Donostiako Zinemaldian proiektatuko dira.


Euskaraz bizitzeko nahia izango da, besteak beste, laugarren edizioaren gai nagusia eta,  gehienez 15 minutuko iraupena izan beharko dute partaideek bidalitako lanek. Aurretik argitaratutako lanik ez dute onartuko, eta masterark gutxienez 1920 x 1080p (Full HD) bereizmena izan beharko du eta konprimitu gabeko formatuan bidali beharko dira.

Lanak antolatzaileei helarazteko, filma internetko plataformaren batera igo beharko da (Vimeo, Youtube, Daylimotion…) eta filmearen lotura edo url-a info@euskarazbizinahidut.org helbidera bidali beharko da. Filmak pribatuan, antolatzaileek soilik ikusteko moduan egon beharko du, eta loturarekin batera egilearen datu pertsonalak ere bidali beharko dira.

Aurtengo edizioan ere Donostiako Zinemaldiarekin lotura izango du lehiaketak eta hamar laburrik onenak Zinemaldiko egitarau ofizialean ikusgai izango dira. Lan hoberenak aukeratuko dituen epaimahaia dagoeneko osatu dute eta Donostia Zinemaldiko zuzendaritzako kide Maialen Beloki eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak izango dute, aurten, lanik hoberenak aukeratzeko ardura.

Sariei dagokienez, guztira hiruna sari banatuko dira, 3.500 euro profesionalen atalean, eta 1.750 euro, aldiz, amateurrenean. Sari banaketa Donostia Zinemaldiaren baitan egingo da, Zinemaldiak horretarako eskainitako aretoan. Bertan jakinaraziko da epai-mahaiaren erabakia eta bertan proiektatuko dira lanik onenak (printzipioz, sei irabazleez gain beste lau).

Film labur lehiaketa 2015 (spota) from Euskaraz bizi nahi dut on Vimeo.