Martxan da Euskal Herriko I. Booktrailer Lehiaketa

Martxan da Euskal Herriko I. Booktrailer Lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-euskal-herriko-i-booktrailer-lehiaketa/@@download/image/20121185865booktrailer_1.jpg
2012/12/13
berria
Gaumin argitaletxearen eskutik, Euskal Herriko I. Booktrailer lehiaketan abiatu dute. Liburu bat promozionatzeko balio duen bideo laburra da booktrailerra, eta efektu bisualak erabiltzen ditu irakurleen arreta berenganatu eta liburuarekiko irrika pizteko. Zure lana bidaltzeko epea azaroaren 29ra bitarte duzu zabalik, eta abenduaren 12ra bitarte parte hartzaileek hautatuko dituzte irabazleak. Animatu eta hartu parte!

Egun bizi dugun aro teknologikoan, liburuak papereko edizio hutsetik irten eta musikaz, irudiz, ahotsez, antzezpenez… lagundurik ageri zaizkigu. Guzti honek literaturara hurbiltzeko eta irakurketarekiko zaletasuna berenganatzeko balio du.

Gaumin argitaletxeak, hain zuzen, hori oinarri hartu eta Euskal Herriko I. Booktrailer Lehiaketa irekia antolatu du. Helburua 30 eta 90 segundo bitarteko bideotxo bat egitea da, euskarazko edozein liburu promozionatzeko balio duena. Taldean ala banaka egin ahal izango da lana, gehienez ere hiru lagun elkartuta.

Originala, erakargarria
Bideoan testua, irudiak, bideo zatiak, ahotsak, musika… erabili daitezke liburua ahal bezain erakargarri egiteko, eta irakurleari irakurtzeko irrika pizteko. Originaltasuna baloratuko da, eta hortik aurrera, talde bakoitzak erabakiko du nola landu ideia.

Lanak bidaltzeko epea azaroaren 29ra bitarte mantenduko dute zabalik, eta izena emateko hemen sartu eta bertako formularioa bete besterik ez da egin behar. Noski, aldez aurretik, bideoa Sarera igo behar da, eta horren link-a datuekin batera erantsi.

Parte hartzaileak bi kategoriatan banaturik egongo dira, 12-15 urte bitartekoak, eta 15-18 urte bitartekoak. Sail bakoitzeko bideo onenaren egileek tabletak, liburu elektronikoak eta liburu-sortak jasoko dituzte.

Animatu, astindu zure sormena!

Parte hartzaileak epaimahai


Azaroaren 30etik aurrera, eta abenduaren 12ra bitarte, parte hartzaileek bozkatuko dute sail bakoitzeko bideo irabazlea. Horretarako, Gauminen webgunean sartu eta beren gustukoenaren alde egin besterik ez dute.
Abenduaren 14an jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, eta hilaren 19an egingo dute sari banaketa.