Martxan da Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2014 kartel lehiaketan

Martxan da Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2014 kartel lehiaketan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/martxan-da-euskadiko-gazteak-lankidetzan-2014-kartel-lehiaketan/@@download/image/euskadiko_gazte_1383817920.jpg
2013/11/07
berria
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren irudia zeurea izan daiteke baldin eta abenduaren 8a baino lehen egitasmoarekin bat datorren irudia eta gazteak bertan parte hartzera animatzen dituen leloa barneratzen dituen kartela osatzen baduzu.


Euskadiko gazteen arteko elkartasun balorea sendotzea eta garapenerako ekintzen inguruan sentsibilizatzea da Gazteaukera Euskadiko Gazteen Atariak abiatutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren helburua. Urtero 100 gazte ingururi garapen bidean dauden herrialdeetan, hala nola Amerika, Asia eta Afrikako estatuetan, aurrera daramatzaten garapenerako ekintzak gertutik ezagutzeko ematen die programak.

Hala ba, 2014koa abian jarri aurretik, berau ilustratuko duen kartelaren bila dabiltza antolatzaileak, eta horretarako lehiaketa jarri dute martxan. Lanak bidaltzeko epea zabalik da dagoeneko, eta abenduaren 8ra bitarte mantenduko dute. Parte hartzaileek 18 eta 30 urte bitarte izan beharko dituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaturik egon. Partaide bakoitzak, gainera, gehienez ere lau lan bidali ahal izango ditu, eta originalak izatea ezinbesteko baldintza da.

Ezaugarriak
Honenbestez, programaren ideiarekin bat egiten duen irudi bat osatu beharko dute parte hartzaileek. Argazki bat izan daiteke, marrazki bat, collagea… edozein teknika baliatu dezakete. Jpg formatuan egon beharko du, 72 ppp-tako bereizmena izan, eta 70x50 zentimetroko neurria. Halaber, kontuan izan leloa proposatzea ezinbestekoa den arren, ez dela irudian txertatu behar; soilik izen-emate orrian jarri behar dela. Gauza bera logoei dagokienez, kartelaren maketazioa antolatzaileek egingo baitute.

Beraz, irudia prestatutakoan, izen-emate orria bete (hemen aurkituko duzue) eta gazteaukera@gmail.com helbidera bidaltzea besterik ez da geratzen. Zalantzak argitu nahi izanez gero, bertara idazteko aukera dago.

Bidaia bat opari!


Lehiaketako irabazleak sari ezin hobea eskuratuko du bere lanagatik: joan-etorriko hegazkin bidaia bat Hego Ameriketako herrialde batera! Nork bere kabuz egin beharreko bidaia izango da, hau da, irabazleak ez du lankidetza programan parte hartuko, eta 2014ko azaroaren 30era bitarteko epea izango du horretarako.