'Marrazioak' tailerra egingo dute aste honetan Donostian

'Marrazioak' tailerra egingo dute aste honetan Donostian Liburu ilustrazioaren inguruan sakonduko dute ilustratzaile eta editore baten eskutik. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/marrazioak-tailerra-egingo-dute-aste-honetan-donostian/@@download/image/img_20190920_115153_resized_20190924_125106197-2.jpg
2022/09/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Liburu ilustrazioaren inguruan sakonduko dute ilustratzaile eta editore baten eskutik.
'Marrazioak' tailerra egingo dute aste honetan Donostian

Hamar ilustratzaile bilduko ditu MarraziOak tailerraren hamalaugarren edizioak gaur hasi eta ostiralera bitarte, Igeldoko Undermount elkartean. Liburu ilustratuak editatuz konplikatzen dugu bizitza izango du izenburu eta Elena Odriozola ilustratzailea eta Gustavo Puerta editorea izango dira gidari. 

Galtzagorri elkartearen hitzetan, "liburu bat ilustratzea ez da bakarrik irudiz betetzea aurrez dagoen testu bat. Ez da kontsumo-objektu erakargarri bat sortzea. Liburu bat ilustratzea ez da sortzailearen artelana sortzeko gosea asetzea ere. Literatur obra bat ilustratzean osagai bakoitza mintzo da, osagai guzti-guztiek dute zeresana sortzen den komunikazio ekintzan". Horixe da, hain zuzen, landuko duten proposamenaren mamia: osagai horiek guztiak ezagutzea, aztertzea eta haien gaineko hausnarketa egitea.  Odriozolak eta Puertak "liburuaren izaera totala" aldarrikatu nahi dutela nabarmendu dute.

Jardunaldietan teoria eta praktika uztartuko dituzte irakasleek, eta teoria praktikatik eratorriko dela azpimarratu dute, liburua nola egiten den galderaren erantzuna praktikan bilatuko baitute: "Argitaldarien ikuspuntutik hitz egiteaz gain, sortzaileen ikuspuntutik ere mintzatuko dira. Liburu kanonikoak ekarriko dituzte eta haietan ongi egindakoa aztertuko dute. Ondo egindakotik aterako dute egin behar ez denaren irudia, baita nora begira jarri behar diren ere. Arazoak eta trabak hartuko dituzte hizpide eta hori guztia liburuak artisauen eran egiten dituztenen ahotik". Parte-hartzaile bakoitzak bere proiektua jarriko du martxan eta baita gidariek  proposatutako ariketa edo jolasak egin ere.