Marihuana, klandestinitatetik irtetear?

Marihuana, klandestinitatetik irtetear? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/marihuana-klandestinitatetik-irtetear/@@download/image/23p26-1.jpg
2002/10/04
erreportajea
Unai Brea
Legeztatu, bai ala ez? Hainbat herrialdetako gobernuetan eta parlamentuetan galdera hori entzuten ari da gero eta gehiago, baita Euskal Herrian ere, eta kasuren batean marihuanaren erabilera onartu dute. Hori bai, oraingoz, zenbait gaixok hartzeko aukera baino ez da aipatzen ari.

Nafarroko Parlamentuak kalamuaren erabilera terapeutikoa legeztatzea onartu zuen iaz. Orain, ikusteko dago gobernuak zer egingo duen. Irailaren amaieran, berriz, EAEko Osasun Sailak eta Drogomenpekotasun Zuzendaritzak bilera izan zuten gai berari buruz berba egiteko. Tamalez, hau idatzi orduko ez dakigu zer atera den bilera horretatik, baina Drogomenpekotasun Zuzendaritzako iturriek adierazi digutenez, beraiek marihuanaren "erabilera terapeutikoa legeztatzearen aldekoak" dira, "frogatuta baitago zenbait gaixorengan onura eragin dezakeela". 

Marihuana kalamu landare emearen lorea da. Lore horrek erretxina berezia ekoizten du eguzki izpietatik babesteko, eta erretxina horretan dago, hain zuzen, marihuanaren printzipio aktiboa, THC delakoa, "kolokatu" egiten duena, alegia. Marihuanatik burua erretzen da. Erretxina landaretik kenduz, galbahetik igaroaraziz eta trinkotuz, ordea, haxixa lortzen da. 

Marihuana errez edo janez har daiteke. Tentsioa jaitsiarazi, ahoa lehortu, begiak gorrituarazi, gosea eragin eta giharrak lasaitzen ditu. Bestalde, aldaketak eragiten ditu pertzepzioan eta gogoan: normalean, marihuana hartu duenak lasaitasuna sentitzen du, eta sarritan barregurea, berriketarako gogoa… Horrez gain, sistema inmunitarioa erregulatzeko gai da; alzheimerra eta antzeko gaixotasun batzuk, sendatu gabe, arindu egiten ditu. Ez du ia toxizidaderik, gaur egun arte ez da gaindosi kasurik ezagutu, eta ez du menpekotasun fisikorik eragiten. Nolabaiteko menpekotasun psikologikoa sorrarazi dezake,  denbora luzez eta kopuru handitan hartuta.

Erabilera terapeutikoa onartu
Gaur egun, marihuana munduko herrialde guztietan dago legez kanpora. Dena dela, toki batzuetan bada nolabaiteko tolerantzia. Askok kontrakoa uste duten arren, Holandan, adibidez, legedia askoz gogorragoa da Hego Euskal Herrian baino, baina paperean baino ez, ez baita benetan betearazten. Azken boladan, erabilera terapeutikoa legeztatzeari buruzko eztabaida pil-pilean dago toki askotan, eta herrialde batzuetako parlamentuek onartu dituzte dagoeneko ildo horretatik doazen legeak, Suitzakoak eta Kanadakoak, esaterako. Kanadan, hain zuzen, batik bat gaixotasun sendaezin eta hilgarriak dituztenek hartu ahal izango dute. 

Beste herrialde batzuetan ere badira mugimenduak. Iazko urrian Erresuma Batuko Barne ministroa kalamua legearen barruan jartzearen alde agertu zen. Orain, gaia eztabaidatzen ari dira hango politikariak, Danimarkako, Belgikako, Alemaniako eta Europako beste zenbait estatutakoak bezalaxe. Estatu espainiarrean, bi komunitate autonomok ere onartu dute erabilera terapeutikoa: Kataluniak eta Balear Irlek. Andaluziako gobernuak, berriz, txosten bat eskatu du, legea urratu gabe Coffe Shop bat (marihuana saltzen duen toki bat) irekitzeko aukerez. Eta batzuetan, debekua ez da oztopo. Galde diezaiotela, bestela, Portland (Ameriketako Estatu Batuak) hiriko Karel Redekerri. Joan den otsailean, medikuak marihuana erretzeko agindu zion Kareli, istripu baten ondorioz zeukan mina baretzeko. Bost axola legeria!

Euskal Herriak legeri bi
Gurera etorrita, egoera ez da bera Ipar eta Hego Euskal Herriko kontsumitzaileentzat. Izan ere, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan indarrean dagoen legeria askoz zorrotzagoa da Pirinioen bestaldekoa baino. Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian ez bezala, kontsumo hutsa delitua da eta gartzelaz zigortu izan dute. Dirudienez, azken boladan legea ez da hain zorrotz betearazten, baina ikusi beharko da zer dakarren Frantziako eskuineko gobernu berriak. Bestalde, Frantziako estatuak oso gogor zigortzen du salmenta. Hego Euskal Herrian, berriz, kontsumitzea eta landatzea ez daude legez kanpo, beti ere toki pribatuan egiten bada. Toki publikoetan marihuana izatea edo hartzea, ordea, isunaz zigortzen da, eta salmenta, espetxeaz. 

GAZTETXULO marihuana legeztatzearen aldeko eta aurkako iritzi bila aritu da, baina lanaren erdia baino ez du bete. Izan ere, Euskal Herrian nekez topa daiteke marihuana legez kanpo mantentzearen aldeko erakunde edo elkarterik. Legeztatzearen alde, berriz, Ai Laket elkarteko Martin Barriuso mintzatu zaigu: "Ez du inongo zentzurik marihuana legez kanpoko izateak. Pertsona heldu batek bere gorputzean zer sartzen duen erabakitzeko askatasuna izan behar du. Bestetik, ez dago arrazoi zientifikorik; ikerketa guztien arabera, erabiltzen diren drogetan kalamua da arriskurik txikienekoa". Igarriko zeniotenez, medikuntzan ezezik, marihuana -eta gainerako droga guztiak- norberak askatasun osoz erabiltzearen alde dago Ai Laket.

Zergatik dago legez kanpo?



Marihuana legez kanpo egotea Ameriketako Estatu Batuei eta, hein txikiagoan, Britainia Handiari zor diegu, Martin Barriusok dioenez. Ai Laketeko kidearen arabera, "duela 80 urte edo, AEBetan alkohola debekatzen zuen legea ezereztu zenean, gurutzada hartan zebiltzanak lanik gabe geratu ziren eta beste zerbait topatu behar izan zuten". Marihuana, garai hartan, oso hedatuta zegoen mexikarren eta beltzen taldeen artean; "hori deabru kontua zen zuri kristau aberatsentzat", dio Barriusok.

Marihuanaren aurkako kanpaina hasi zuten orduan: hainbat arrisku zuela, hilgarria zela, beste droga batzuetarako bidea zabaltzen zuela… Bestalde, Britainia Handiak, interes politikoak zirela medio, kalamua legez kanpo jartzeko presioa egin zuen nazioartean. Izan ere, Egipto bezalako herrialdeetan, bertakoek euren drogei eusten zieten, ikur gisa, atzerriko kolonialismoari oldartzeko. Hau da, kalamua, ginebra eta whiskyaren kontra. Azkenik, Erresuma Batuak debekatzea lortu zuen. Bukatzeko, ez da gutxietsi behar kotoiaren industriaren lana; ehungintzan lehiakide zuzena zenez, kotoigileek kalamua droga lez erabil zitekeela aprobetxatu zuten hura deitoratzeko. 

Made in Euskal Herria



Egindako ikerketa apurrek Euskal Herrian drogak paleolitikotik erabili direla diote. Dirudienez, bertoko drogak, antzina behintzat, batik bat aluzinogenoak izan dira. Beste aztarna batzuen arabera, kalamua ere landatu izan da gurean; lo-belarra (hemendik ateratzen da opioa), berriz, ezagutu egiten zuten gure arbasoek, baina zalantzazkoagoa da landatu eta droga gisa erabili izana.

Bestalde, bertoko botika aluzinazioak eragiteko gai diren landareez osatu da batez ere. Gehienak desagertu egin dira gure mundu ludikotik, sorgin-belarra eta erabelarra bezala, baina ez, ordea, mongi ezagunak, xilozibe familiako onddoak alegia. Gainera, Euskal Herriko mongiak munduko indartsuenetakoak dira, batez ere Pirinio aldekoak: indartsuenak Mexikoko xilozibeak omen dira, eta Euskal Herrikoekin pareko emaitza lor daiteke.

Hazi denden hazkundea



1998an zabaldu zen Bilbon Euskal Herriko lehen grow shop-a. Egun, hamalau daude: hiru Araban, bost Bizkaian eta sei Gipuzkoan (Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez dago bat ere). Hala dio behintzat lamarihuana.com web orriak, kalamuari buruz sarean aurki daitezkeen ehundaka tokietako bat. Baina, zer da grow shop bat? Izenak dioenez, nagusiki hazi denda da. Kalamu haziez ari gara, jakina. 

David Reguilon sopeloztarrak 24 urte ditu eta iaz mota honetako denda zabaldu zuen bere herrian: "Kalamu haziez gain, landaketarako behar den oro saltzen dugu hemen: lurra, ongarriak…".

Horrez gain, "marihuanaren estetika" esan diezaiokegunarekin zer ikusia duten hainbat produktu saltzen dituzte grow shop-ek: kamisetak, boltsatxoak, prakak… Kalamuaren eratorri ugari ere eros daitezke halako dendetan: xaboia, txanpua, apaingarriak… Baita jatekoak ere.

Grow shop-ak legalak dira Hego Euskal Herrian, kontsumo pribaturako produktuak baino ez baitituzte saltzen. Urte gutxitan hainbeste ireki izanak kalean zegoen beharrizan bati erantzun dio, Daviden ustez, "baina, boom hau moteldu beharko da, ez baitu merkatuak hainbesterako ematen".

Kalamua, legez kanpoko drogetan, txapelduna


Hona hemen EAEn egindako Gazteak 2001 inkestaren emaitzak (15 eta 29 urte bitarteko gazteei eginda).

Droga mota
Inoiz hartu du
Ohiko kontsumitzaile
Alkohola% 91
% 72
Tabakoa % 60
% 38
Kalamua
% 55
% 29
Anfetaminak
% 15
% 7
Kokaina
% 11
% 4