Maria Riverok 'Kaiola' singlea kaleratu du

Maria Rivero musikari bizkaitarrak Kaiola single berria plazaratu du eta bideoklip batez lagunduta dator. Natur eremua ageri da bideoan eta Riveraren ahotsa garden eta indartsu nabarmentzen da. Txori-kantua entzuten da hasieran eta hala dio abestiaren pasarte batean: "Ez al du txoriak abesten kaiolan? Ta gu isiltzen gara oihukatu beharrean".
Luis Vil musikari arabarra arduratu da produkzio eta instrumentazioaz baita bideokliparen zuzendaritzaz ere, Ruben Ladron de Gebara kameran lagun izan duelarik. Egoitz Palaciosek (Sustraiak Records) egin du kantaren masterizazioa.
2020ko martxoan, pandemia egoeran murgildu berri geundela, bere lehen bakarkako diskoa kaleratu zuen Maria Riverok, Parentesiak izenekoa. Geroztik, kultur munduan ematen ari den egoera latzari aurre egin eta bira ederra eskaini du. Ekainean urte honetako azken kontzertua izan zuen Aiaraldea Ekintzen Faktorian eta 2022an bueltatuko omen da agertokira Tribu Bandarekin batera.