Maria Louise Iribe, zinema zuzendaria

Maria Louise Iribe, zinema zuzendaria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maria-louise-iribe-zinema-zuzendaria/@@download/image/41p38-1_1368099679.jpg
2004/05/07
erreportajea
Ainhoa Irazu
Duela 70 urte, 1934ko maiatzaren 3an, Marie Louise Iribe aktore eta errealizadore baionesa zendu zen. Iribe XX.mende hasierako Frantziako zinemagintzako emakume garrantzitsuenetakoa izan zen.

Zinema 1895ean jaio zen. Lumiére anaiek urte hartan egin zuten film baten lehen erakustaldia Parisko Indien aretoan. Lehen saio hura arrakastatsua izan zen. Dena dela, Meliesen "Ilargirako bidaia" (1902) filmarekin piztu zen asmakizun berriarekiko sukarra herritarren artean. Izan ere, lehen aldiz, fikzioan oinarritutako istorio bat ikusteko aukera izan zuten. Zinema denborapasarako asmakizuna izatetik dirua egiteko makina izatera igaro zen berehala.  

Marie Louise Iribe lapurtarra aktore gisa hasi zen zinemaren alorrean, eta gertutik ezagutu zituen Frantziako zinema industriaren lehen urteak. Lehen bi filmeak 1914an egin zituen: Louis Feuillade zuzendariaren "Les Pagues rouges" eta "Rencontre". Hala ere, arrakasta eman zion rola Jacques Feyderren "L´Atlantide" (1921) filmeko Tanit Zergarena izan zen.

Zinema politikoaren bidean
Iribek zinegile lanetara jauzi egin zuen 1927an, eta aitabitxi arrakastatsua izan zuen ondoan: Jean Renoir. Zinema zuzendari ospetsuarekin batera, "Marquita" egin zuen eta bertan, Iribek filmeko rol nagusia bete zuen. 

Handik aurrera, baionesak hainbat film zuzendu zuen: "Chantage", "Hara-Kiri", "Le Poeta d´Ebane" eta "Quart d´heure au Paradis", besteak beste. 1930ean egin zuen azken filma: "Lei Roi des Aulnes". Goethen olerki bat hartu zuen oinarri azken filma egiteko, eta zinema politiko engaiatuaren eboluzioan mugarria ipini zuen, kritikoen arabera.

Aktore euskaldunak Hollywood-en



Euskal Herriko hainbat emakume ibili ziren zinemagintzaren hasieran: Miarritzeko Marcelle Carrol, Aurea Azcarraga eta Conchita Montenegro donostiarrak, Camino Garrigo iruindarra… Hala ere, bi nabarmendu behar dira, Hollywooden aritu zirelako: Carmen Larrabeiti bilbotarra eta Madrilen jaioa baino euskal jatorrikoa zen Maria Fernanda Ladron de Guevara y Trapaga.