Margoak aurkitu dituzte Berriatuko kobazuloan

Berriatuko Atxurra kobazuloak altxor bat ezkutatzen zuen; paleolitikoan margotutako 113 animalia. Bizkaiko Foru Aldundiak, Jose Migel Barandiaranek ikertutako kobazuloak berraztertzeko programaren barruan, 2015ean jarri zuen koba ikertzeko proiektua, eta orain argitzera eman dutenez, aurkikuntza "aparta" egin dute.
Hain zuzen, Euskal Herriko kobazulo batean orain arte aurkitutako margo kopuru handiena da Atxurran topatutakoa; horrekin batera, 500dik gora ikatz hondakin eta silexeko piezak ere agertu dira. Ikusteko gogoz? Bada, hilaren 17tik 29ra, Atxurran aurkitu dituzten tresnak ikusteko aukera egongo da Bilboko Arkeologia Museoan.