Marea itsasgora

Marea itsasgora https://www.gaztezulo.eus/albisteak/marea-itsasgora/@@download/image/43p10-1_1368096648.jpg
2004/07/02
erreportajea
Asier Mendizabal
Marea itsasgora
Marea taldearen laugarren diskoa karrikan da: "28.000 puñaladas". Nafarrek rock-a eta poesia uztartu dituzte lan honetan.

Marea boskotea 1997an sortu zen. Taldekideak Berriozarkoak eta Iruñekoak dira, eta oihartzun handia lortu dute azken urteetan.

Lehen diskoa, "La patera", RCA multinazionalarekin plazaratu zuten; bigarrena, "Revolcon", Gor diskoetxearekin, eta azken biak, DRO etxearekin.

Zazpi urteko ibilbidea egin dute, eta kideak berak dira hasieratik: Kutxi Romero (ahotsa), Alen Aierdi (bateria jotzailea), Cesar Ramallo eta Kolibri Diaz (gitarra jotzaileak) eta Eduardo Beaumont (baxu jotzailea).

Rock-a eta poesia dira taldearen ardatza, eta hori agerian geratu da "28.000 puñaladas" diskoan. Esaterako, Federico Garcia Lorcaren "Romance de la Guardia Civil española" poema oinarritzat hartu dute "Ciudad de gitanos" abestia egiteko. Kutxiren ahots zakarrak entzulearen arima laztantzen du zenbait abestitan, eta urratu, beste batzuetan.

Itxaropentsu

Marea-ren azken lana bi modutara plazaratu dute: CD formatu normala eta digipack-a. Azken horretan, diskoaz gain, 55 minutuko DVDa ere badago. DVDan, zuzeneko bat eta bi kideoklip bildu dituzte: "Besos de perro" eta "A la mierda primavera".

Diskoan lagundu dutenen artean, Rosendo Mercado abeslaria dugu. "Onena da oraindik, maisua da. Urduri etorri zen grabaziora eta gogo handiz lan egin zuen. Disko piloa plazaratu du, baina oso umila izaten jarraitzen du", adierazi digu Kutxi Romero abeslariak.

Bestalde, diskoaren izenburuaz galdetuta, Romerok honakoa dio: "batez beste, 28.000 egun irauten omen du gizakiaren bizitzak, eta egunero, gutxienez, labankada bana jaso ohi dugu. Ez da itxaropena galdu behar, hala ere: bizitza horrelakoa da".

Haiek, behintzat, ez dute itxaropena galdu. Eta ez da harritzekoa, taldeak egindako lana aintzat hartuta: azken diskoaren 50.000 ale saldu eta azken biran ia ehun kontzertu eman zituzten.