Mapa Galduak jaialdia 2021ean ospatuko da

Honela azaldu dute antolatzaileek: Hurrengo hitzordua zuekin aspaldi gorriz azpimarratu genuen egutegian, baina osasun egoera eta plantan diren neurriak direla eta MAPA GALDUAK irudikatu genuen bezala ezin dugu mantendu bere mamia kendu gabe, programa birmoldatzen saiatu garen arren. Orduan bihotzera arantza sartzen bazaigu ere MAPA GALDUAK 2021eko azaroaren 19, 20 eta 21etara gibelatzea deliberatu dugu.
Jaialdiaren egiturari dagokionez beraz, hastapenetan planteatu zutena mantenduko dute, Izan ere, bi proposamen berezi eskainiko ditu Mapa Galduak jaialdiak: Mugarri 25 sorkuntza eta Zeharkako Bideak ibilbidea. Lehengo proposamenak hainbat artisten egonaldian izango du muina. Ikusi beharko da artista berdinak mantenduko ote diren: Nahia Zubeldia (Unama, Lumi), Vincent Bestaven (Botibol), Orbel, Paxkal Irigoyen, Peio I. Erramuzpe (Polygorn, Fusible), Gartxot Unsain (Madeleine, Bananas, Yaw), Jonas Bonetta (Evening Hymns) eta Aitor Etxeberria ziren egonaldian parte hartzekoak.
Zeharkako Bideak deitutako bigarren proposamenak berriz ibilaldi sekretu bat proposatzen du Sarako herrian zehar. Ibilbidean hainbat gune izango dira eta gune horietak bakoitzean artista bat egongo da, bizipen ezberdin batekin. Hasierako hitzordua gutun bidez jasoko dute ibilaldian parte hartzeko izena ematen dutenek.
Musika jaialdietan aurkitzen diren ohiko kontzertuak ere egongo dira hala ere Mapa Galduak jaialdian. Bertan arituko dira, dena ongi badoa datorren urtean: Izaki Gardenak, La Jungle, Amorante, SLIFT eta Cocanha.
SARRERAK
Sarrera eskuratu zutenek, datorren urterako baliagarriak izango zaizkie. Diru-itzultzea nahiko luketenek info@usopop.com helbidera idatzi beharko dute.
Dena den, adierazi dute neguan ez zehar ez dutela hibernatzeko asmorik, proiektu berriak iragartzen joango baitira.