Man uhartea: altxor ezkutua

Man uhartea: altxor ezkutua Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/man-uhartea-altxor-ezkutua/@@download/image/mundua_Man_04.jpg
2019/08/14
erreportajea

Testua: Xabat Izagirre

Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak!
Man uhartea: altxor ezkutua

BIOSFERA ERRESERBA

Britainia Handia eta Irlandako irlen artean kokaturik, Man uhartea Europako helmuga turistiko ezezagunetarikoa da. Ingurune natural ederreko eskualde honek 2016ko martxoan UNESCOren Biosfera Erreserba izendapena jaso zuen. Hedaduraz Ibizaren pareko tamaina izan arren, bost aldiz bisitari gutxiago jasotzen ditu urtean. Turistikoki gehiegi ustiatu gabeko lurraldea izanik, beraz, esperientzia paregabea da bertako kultura eta ohiturak ezagutzea.
Oso erraza eta azkarra da bertara iristea, Man uhartearen hegoaldean dagoen Ronaldsway aireportuak Erresuma Batuko hiri garrantzitsuenekin konexio ugari baitauzka.

KAIOAREN BIDEA

Man uharteko kostaldea ezagutzeko era apropos eta gogoangarriena 160 kilometrotako luzera duen Raad Ny Foillan –Kaioaren bidea gaelikoz– ibilbide zirkularra egitea da. Douglas hiriburuko portua da abiapuntua eta Raad Ny Foillan seinale urdinak jarraitzea besterik ez duzu abenturari hasiera emateko. Azkarrago egin daitekeen arren, ibilbidea hamabi etapatan egitea gomendatzen dizut, esperientzia lasaitasunez eta bere osotasunean gozatu ahal izateko. Informazio zehatzagoa nahi baduzu, Man uharteko turismo sailaren web orrian dagoen gida oso erabilgarria da.

ARRISKUAREN HIRIBURUA

Urtero maiatzean ospatzen den Tourist Trophy izeneko motoziklismo proba munduko lasterketa arriskutsuenetarikotzat hartzen da: 1907. urtean sortu zenetik 258 gidari hil dira. Irlari bira ematen dion 59 kilometrotako zirkuituan, lehiakideek 300 kilometro orduko abiadura harrigarriak har ditzakete. Ikusle bezala joateko interesa baduzu, beraz, adi erreparatu beharko diezu segurtasun arauei, zirkuituko gune arriskutsuenetan egotea debekatuta baitago. Kirol probaren inguruan, gainera, beste ekitaldi interesgarri asko antolatzen dira: erakusketak, kontzertuak, komedia ikuskizunak, etab.

kultura zeltarra

XVIII. mendeaz geroztik Man uharteko kulturaren anglikano joera nabarmena egon da. Azken hamarkadetan, berezkoa den kultura zelta suspertzeko ekimen nagusia beste bost herrialderekin batera (Irlanda, Eskozia, Gales, Bretainia eta Kornualles) sortutako Liga Zeltarra izan da. Urtero uztailean ospatzen den Yn Chruinnaght (Bilera gaelikoz) jaialdia Man uharteko kultura zeltarra gertutik ezagutzeko aukera aparta da. Astebetez musika, dantza, hizkuntza, arteak eta artisautza uztartzeko ekitaldi ugari antolatzen dira.

MAITAGARRIEN IPUINAK

Man uharteko folklore eta ohituretan errotuta daude izaki mitologiko eta fantastikoen istorioak. Horietatik, dudarik gabe, ezagunena eta azken urteetan oihartzun handiena izan duena maitagarrien inguruko kondairak dira. Bertakoek diotenez, maitagarri hauek irlaren lehen biztanleak izan ziren eta gaur egun ere inguruko basoetan bizi dira. Zorte ona izan nahi baduzu, irlaren hegoaldean dagoen Fairy Bridge zubia zeharkatzerakoan maitagarriak agurtzeko ohitura jarraitzea ezinbestekoa da. Ezin dituzu galdu, gainera, uharteko puntu desberdinetan maitagarrientzat eraiki dituzten eta errealismo izugarria duten 30 zentimetrotako etxeak daude.

KOROAREN MENPEKO AUTOGOBERNUA

Egitura politiko ezohikoko herrialdea da Man uhartea eta, geografikoki Erresuma Batuaren erdigunean egon arren, Britainiar koroaren menpeko autogobernu bezala dago osatua. Elizabeth II.a da estatuko buru eta irlaren defentsa Erresuma Batuaren erantzukizuna da. Douglas hiriburuan dagoen Tynwald parlamentua, XX. mendean sortua, munduko parlamentu zaharrena dela uste da. Uharte txiki honek, gainera, libera esterlinaren balioa duen txanpon propioa dauka. Bertara joateko interesa baduzu, kontuan izan libera esterlinarekin ere ordaindu daitekeela, baina eskuratzen dituzun Man uharteko liberak ezin izango dituzu beste inon erabili.