Males

Lars Finberg gitarra jotzaile eta abeslariak zuzentzen duen talde emankorraren lan berria iritsi zaigu, iaz Fake Surfers argitaratu zuen. Males hau orain arte plazaratu duen lan melodiatsuena dela esatera ausartuko nintzateke. Taldearen jarraitzaile sutsuenok iazkoan, eta bereziki 2007 kaleratutako Deuteronomyn, jaso zituen soinu-erokerien falta sumatu dugu. Dena dela, lan sendoa da eta primeran nahasten ditu hamaika eragin: garage-rocka, post-punka eta sintetizadoreek eragindako eredu errepikakorrak. Horren erakusle, diskoa itxi eta izenburua ematen dion kanta, non Pixies eta The Fall elkartzen diren zurrunbilo amaigabean.