MAK: "Gure musika azkenerarte defendatuko dugu"

MAK: "Gure musika azkenerarte defendatuko dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/mak-quotgure-musika-azkenerarte-defendatuko-duguquot/@@download/image/94p45mak_1362748681.jpg
2009/03/06
elkarrizketa
MAK taldeak kalean du bere hirugarren diskoa: "Hauts eta Errauts Erremix", aurreko lanaren ("Suaren garai errauts errekai") bertsioekin osatutako diskoa. Jon Eyherabide kantariarekin izan gara.

Lan berria aurreko diskoko kantuen nahasketekin osatu duzue. Zer aurkituko du entzuleak?
Hauts eta errauts erremix hartako accapelak hartu, eta bestelako hip hop erritmoekin nahastu ditugu. Hitzen erdarazko itzulpenak ere gehitu dizkiogu. Pena da, baina gure ingurunea ez da oraindik euskalduna… Horrez gain, Kateak abestiaren bideo muntaketa ere egin dugu, hitzak irudikatzeko.

Nolatan animatu zarete zuen abestien bertsioak egitera?

Jolas modukoa izan da. Bigarren diskoa kaleratu ondoren, indarrak zuzenekoetara bideratu genituen MAK Kanal Akustikoarekin. Ondorioz, ordenagailu eta samplerren presentzia apur bat itzaldu zen. Hori konpontze aldera, DJ Alf-ek moldaketa batzuk sartu eta nahasketa mahaia erretzeari ekin zion, kar-kar.

Diskoan hip hop munduko soinu ezagun ugari atzeman omen daitezke. Adibidez?

Rap generoaren zaleek lehen kolpean atzemango dituzte: DMX, Tandem, Booba, Xzibit, Doctor Dre… eta beste zenbait. Bertsio gehiago ere egin genituen, baina horiek aukeratu genituen gure hitzekin egoki geratzen baitziren.

Zein talde edo musikari dituzue erreferente?

Uf, horra eztabaidan denbora gehien ematen dugun gaia! Nondik hasi? Medine, Miles Davis, Keny Arkana, Wagner, Skalpel, Billie Holliday, Fat Fish, Anestesia, Charlie Parker, Ennio Morricone, Mikel Laboa, Gil Scott-Heron, Norte Apatxe, Hedoi Etxarte,  Raperos de Emaus, Dut, Rachmaninoff, Bad sound System, Lisabo, Fermin Muguruza, Paganini, Oxmo puccino, Peio ta Pantxoa, Brassens, Luis LLach, Silvio Rodriguez, Wu tang clan… jarraituko dut?

Nahikoa da Jon, elkarrizketarako dugun tartea izenekin beteko dugu bestela. Gaia aldatuz, nolako sasoia bizi du Lapurdiko hip hopak? Eta orokorrean?

Negua bizi du, dudarik gabe! Gau hotz eta iluna, bakarrik sentitzeko aproposa. Baina tira, udaberriko uzta landatzera goaz eta talde berriak loratuko direnaren itxaropena dugu.

Duela urte batzuk, Selektah kolektiboa sortzearekin, bazirudien Euskal Herriko hip hopa sendotze bidean zela. Haien ondotik, MAK kenduta, apenas sortu da aparteko zeresana eman duen talderik. Badirudi hip hopak ez duela merezitako onespena lortu. Hori horrela da? Zer gertatu da?

Agian oker nago, baina irratiek ez dute aski hip hop programatu, kontzertu antolatzaileek ez dute behar bezainbeste sustatu eta entzulegoak ere ez du aparteko jakinmina adierazi. Guri dagokigunean, litekeena da gure musika behar bezala zabaldu ez izana. Baina, bestalde, jaialdietan betiko taldeek parte hartzen dute eta horrek ez digu askorik laguntzen. Agian, noizbait, jendea betikoa entzuteaz aspertu eta bestelako proposamenak bilatzen hasiko da… Hip hop-a alternatiba izan daiteke. Guk ez dugu inor konbentzitu nahi, baina hasierako ilusio berdinarekin jarraitzen dugu eta gure musika azkenerarte defendatuko dugu, kar-kar.

EH3 sortu da, Euskal Herriko hip hop kolektiboa. Tartean zaudete? Zein iritzi duzue kolektibo honi buruz? Zein helburu ditu?

Jakina parte garela! Eta espero dut norbaitek kolektiboa kudeatu eta handitzeko konpromezua hartuko duela. Horra gure mezua: inork proiektuan parte hartu eta hip hop taldeak lagundu nahi baditu, dei diezagula. Izan ere, denak musikariak gara, baina ez dugu astirik egiazko kolektibo bat biziarazteko. Oraingoz sareko gune bat besterik ez da, baina indarra badago. Laguntza behar du, ez milioiak irabazteko baizik gure hip hopa indartzeko. Besterik ez, lagunak, hauxe azken hitza: euskal presoak etxerat, orain!