Maite Gurrutxaga: Ilustrazioaren bidetik

Maite Gurrutxaga: Ilustrazioaren bidetik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maite-gurrutxaga-ilustrazioaren-bidetik/@@download/image/maite_gurrutxag_1389261488.jpg
2014/01/10
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Maite Gurrutxaga: Ilustrazioaren bidetik
48. Durangoko Azokan itotzeko, erotzeko lain liburu bazegoen ere, arnasa eman zidan liburu bat kausitu nuen. Izan ere, Habiak (Txalaparta, 2013) ez da ohiko liburua.

2009. urtean Dejabu panpin laborategiak plazaratutako Covek nije ptica / Gizona ez da txoria antzezlanean oinarrituta sortu du Maite Gurrutxagak (Amezketa, 1983) poema grafiko hau.

Liburu honek Selma eta Ximonen istorioa kontatzen du, "hegan egin ahal izateko sustraietara itzuli behar duten" pertsonaien istorioa. Habiak, "desterratutako hegaztiei buruzko liburua" da. Selma bosniarra da, eta Ximon, aldiz, euskal herritarra. Bata gerratik ihesi etorri da Euskal Herrira. Bestea, aldiz, baserritik bota dute, Abiadura Handiko Trena pasa behar baita bertatik. Akuarelaz eta arkatzez egindako marrazkiek era oso bisualean kontatzen dute istorio hau, eta liburuaren egileek emandako elkarrizketetan aipatzen duten imajinario berezia ere antzematen da orrialdeetan barrena aurrera egin ahala.

Maite Gurrutxagak "marraztea beharrezkoa" du. Bilbon Arte Ederrak ikasi ondoren ilustrazioko ikasketak egin zituen Bartzelonako Escola de la Donna-n. "2008 ingurutik ez diot marrazteari utzi" dio Alderik alde (Edo!, 2013) liburua aurkezteko testuan. Obra oparokoa da dagoeneko, eta hainbat disko eta liburu ilustratu ditu orain arte. 2013. urtean hiru liburu argitaratu zituen: Alderik alde, Edo! argitaletxeak plazaratutako ilustrazio liburuxka, Euli bat dut bihotzean
(Elkar, 2013), Leire Bilbaok idatzi eta Gurrutxagak ilustratutako haurrentzako liburua, eta azkenik Habiak (Txalaparta, 2013).

Bibliografia


•    Habiak, Dejabu panpin laborategia (Txalaparta, 2013).
•    Euli bat dut bihotzean, Leire Bilbao (Elkar, 2013).
•    Alderik alde (Edo!, 2013).
•    Supernova, Kerobia (Y las ardillas mágicas, 2012)
•    Maitagarria eta desioa, Mariasun Landa (Elkar, 2012).
•    Amattoren uzta, Mayi Ariztia (Klis-klasikoak, 2012).
•    Kontuari kontu, Itziar Zubizarreta (Galtzagorri, 2012).
•    Zabaleko txorimaloa, Juan Luis Zabala (Elkar, 2011).
•    Erreka, Rafa Ugalde (Ibaizabal, 2011).
•    Bat-batean, krispetak, Karlos Linazasoro (Alberdania, 2011).
•    Txori Txoroa, Juan Kruz Igerabide (Alberdania, 2011).
•    Alex, nire laguna, Mikel Gurrutxaga (Pamiela, 2010).
•    Kerobia taldearen disko trilogia (Y las ardillas mágicas, 2008-2010).