Maiatzeko ostiraletan, Egubakoitzak kartzelan jaialdia Bergaran

Maiatzeko ostiraletan, Egubakoitzak kartzelan jaialdia Bergaran https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maiatzeko-ostiraletan-egubakoitzak-kartzelan-jaialdia-bergaran/@@download/image/egubakoitza_kar_1366015074.jpg
2013/04/15
berria
Maiatzeko ostiraletan, Egubakoitzak kartzelan jaialdia Bergaran
Laugarren urtez, gaztetxeko terraza atondu eta ostiralero kontzertuak eskainiko dituzte Bergaran, Egubakoitzak kartzelan jaialdiaren baitan. Aurtengoan, besteak beste, Okene Abrego eta Mariano Urtado, Joseba B. Leinor eta Ainara Legardon ariko dira. Hiru euroren truke, 22:00etatik aurrera, doinu lasai paregabeez gozatzeko aukera izango da.


Azken hiru urteetako arrakastaren ostean, beste behin ere Egubakoitzak kartzelan izeneko musika jaialdia antolatuko dute Bergarako gaztetxeko lagunek. Adin muga gainditzea eta eraikinaren atzeko aldeari bizia ematea lortu dute, artista bikainak eszenatokira igota.

Aurtengoan, halaber, kartel oparoa osatu dute. Maiatzaren 3an, esaterako, Okene Abregok eta Mariano Urtadok, eta Buterflaik joko dute iluntzeko 22:00etatik aurrera; hilaren 10ean, aldiz, Iñigo Cabezafuegok eta Joseba B. Lenoirek; maiatzaren 24an, Ainara Legardonek eta Manettek; eta azkenik, jaialdiari amaiera emateko, maiatzeko azken egunean Morau eta Aguxtin Alkhat igoko dira taula gainera. Urtez urte, artisten maila ere gora doan seinale.

Sarrerak hiru eurotan eskuratu ahal izango dira, eta gainera, kontzertua zuzenean igorriko dute Txapa Irratitik, 97,2 FMn eta haien webgunean entzungai.

Aurkezpen festa

Baina laugarren edizio hau berezia egingo duen beste alderdi bat apirilaren 26ko aurkezpen festa izango da. Bi bala ikuskizunaren estreinaldia eskainiko dute egun horretan gaztetxean bertan, eta bide batez, hurrengo hilabeteko kontzertuen berri emango dute. Beraz, ez hutsik egin!