Maiatzaren 3tik 5era egingo dute Nazioarteko IX. Magia Mostra Elgetan

Maiatzaren 3tik 5era egingo dute Nazioarteko IX. Magia Mostra Elgetan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maiatzaren-3tik-5era-egingo-dute-nazioarteko-ix-magia-mostra-elgetan/@@download/image/ta_na_manga_1366272728.jpg
2013/04/18
berria
Maiatzaren 3tik 5era egingo dute Nazioarteko IX. Magia Mostra Elgetan
Dani DaOrtiz mago malagarraren erakustaldia, Ta Na Manga portugaldarren karta ikuskizuna, gorputzik gabeko emakumearen doako ikastaroa… Inoiz baino beteago dator aurtengo Elgetako Nazioarteko Magia Mostra. Datorren hilabete hasieran egingo dute, ostiral eta larunbat, Espaloia Kafe Antzokian.


Udaberriarekin batera, magia ate joka iritsi da Elgetara. Urtez urte indarra hartzen joan den Nazioarteko Magia Mostraren zortzigarren edizioa egingo dute maiatza hasieran, eta bi egunez,  nazioartetik etorritako magorik txundigarrienek beren trukurik ikusgarrienak aurkeztuko dizkiete ikusleei. Modalitate ezberdinak ikusaraziko dituzte, gainera.

Magia mostra ostiralean hasiko da, maiatzaren 3an, eta iluntzeko 22:30ean Dani DaOrtiz inprobisazioaren eta naturaltasunaren maisuak liluratzeko moduko karta jokoak egingo ditu. Sarrerak 15 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Era berean, hurrengo eguneko galako aurkezlea izango da DaOrtiz.

Izan ere, larunbatean, goizeko 10:30etan, bost ikuskizun eskainiko dituzte ordu eta erdiko galan. Ilusionismoa antzerkiarekin eta musikaren nahasten duen  Ta Na Manga portugaldar bikotea; Kabina Espiritista ikuskizun laudatua eskainiko duen Luis Boyano galiziarra; Mario Lopez kataluniarra, bere zigarro ikuskizunarekin; karta jokoak egiten dituen Pilou frantsesa; eta Edama ilusionista errioxarra igoko dira taula gainera. Sarrerak 15 euro balioko ditu.

Baina bi ikuskizunetan izan nahi baduzu, 21 euroren truke eskuratu ahal izango duzu sarrera. Espoloia Kafe Antzokiko bazkideentzat, ordea, 18 euro balioko ditu.

Ikastaro eta tailerrak
Baina magia ikusteaz gain, praktikatzeko aukera ere izango da. Bi tailer eskainiko dituzte doan: batetik Frantziatik etorritako Katia andereak gorputzik gabeko emakumearen ikastaroa emango du, eta haurrentzako magia tailerrak ere egingo dituzte larunbat arratsaldean, 16:00etatik aurrera.

Beraz, magiaren munduan murgildu eta truku zoragarriez gozatzeko beta izango da hilabete hasieran Gipuzkoako herri txiki honetan. Hurbildu!

Iazko edizioan


Joan den urtean GAZTEZULO Nazioarteko Magia Mostrara joan zen, eta MagoMigue eta CharlieMag elkarrizketatu genituen. Hemen haiek kontatutakoa.