Maiatzaren 15a, Nakba eguna palestinarrentzat

Maiatzaren 15a, Nakba eguna palestinarrentzat https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maiatzaren-15a-nakba-eguna-palestinarrentzat/@@download/image/20105142334Nakba_II.jpg
2012/12/13
berria
Maiatzaren 15a estatu israeldarraren sorrerak eragindako sarraskia gogoratzeko eguna da palestinarrentzat. Aurten 62 urte bete dira Nakba –hondamendia– hasi zenetik eta Palestinaren aldeko hainbat eragilek salaketarako deialdia egin dute, tartean Bizkaiko Plataformak. Gaur, esaterako, Bilboko H&M denda parean egingo dute protesta elkarretaratzea, multinazionalak Palestinaren okupazioan izandako inplikazioa gaitzesteko.

1948ko maiatzaren 14an, indar okupatzaile britainiarrek bertatik alde egin ostean, Israelek estatu judutarra aldarrikatu eta inposatu zuen palestinar lurretan. Aldebakarreko erabakia izan zen, 531 herri ezeztatu eta 750.000 palestinar errefuxiatu zituena. Triskantzak, exekuzioak eta bortxaketak tarteko, israeldarrek palestinarren lurraldearen %78a lapurtu zuten. Nakba, hondamendia.

Orduz geroztik, Nazio Batuen Erakundeak ebazpen bat baino gehiago onartu du errefuxiatuen itzulera eskatuz eta palestinar herriaren autodeterminazio eskubidea berretsiz. Israelek ez ditu aintzat hartu, ordea, eta lurralde-konkistaren estrategiari eutsi dio okupatutako lurraldearen azalera etengabe areagotuz eta palestinarrak apartheid politiko eta sozialera kondenatuz.

Palestinaren Aldeko Bizkaiko Plataformak behin eta berriz ohartarazi du Europar Batasunaren konplizitate antzuak palestinar herriak bizi duen muturreko egoera larriagotu besterik ez duela egiten, eta egitura politikoak ez ezik, nazioarteko enpresa transnazionalak ere oso inplikatuta daudela auzi honetan. Zentzu horretan, nazioarte mailan abian da, adibidez, H&M denden aurkako boikot kanpaina, kate honek lurralde okupatuetan hainbat denda zabaltze aldera gobernu israeldarrarekin sinatu dituen akordioak salatzeko.
Horrexegatik, elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean, 16:30etan, Bilboko H&M denda parean.