Maiatzaren 14an izango da Txiotesia lehiaketa

Maiatzaren 14an izango da Txiotesia lehiaketa X sare sozialaz gain, Mastodonen bidez ere parte hartu ahal izango da aurten. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maiatzaren-14an-izango-da-txiotesia-lehiaketa/@@download/image/image.jpeg
2024/05/09
X sare sozialaz gain, Mastodonen bidez ere parte hartu ahal izango da aurten.
Maiatzaren 14an izango da Txiotesia lehiaketa

UEUk Txiotesia lehiaketa antolatzen du 2013az geroztik, euskal ikertzaile gazteen lanak gizarteratu, haiei izen-abizenak jarri, ikertzaile gazteen sarea sendotu, eta zientziaren dibulgazioa euskaraz sustatzeko asmoz.

Lehiaketan parte hartzeko tesia 2021-2024 bitartean aurkeztutakoa izan behar da edo gaur egun tesia egiten aritu. Tesia edozein hizkuntzatan landutakoa izan daiteke, baina lehiaketako mezuak euskaraz idatzi behar dira. Tesiaren zati bati edo proiektu osoari buruz aritu daiteke.

Bi sare sozial daude aukeran, X edo Twitter eta Mastodon, baina bietako bat hautatzea nahitaezkoa da eta kontuek publikoak izan behar dute. Mastodonen hiru tutetan azaldu behar da norberaren ikerketa-lana, eta X/Twitterren, berriz, sei txiotan. Ez da kontuan hartuko kopuru horiek baino gutxiago edo gehiago erabilitako ikertzaileen parte-hartzea. 

Lehiaketa maiatzaren 14an izango da, eta 09:00etatik 21:00etara bitartean idatzi behar dira mezuak. Kolpe bakarrean, guztiak aldi berean, ala tarteka bidal daitezke, baina zehaztutako ordutegiaren barruan. Mezu bakoitza zenbatu egin behar da, mezuaren aurretik jarrita, eta amaieran #txiotesia7 traola ipini behar da. Lehenengo mezuan tesiaren izenburua idatzi behar da, euskaraz, eta azken mezuak tesiaren emaitza edo ondorioa jaso beharko du, edo hasi berri diren ikerketen kasuan, planteatzen den hipotesia

Ez dira onartuko mezuak ordezkatuko dituzten testu osagarri, dokumentu atxiki edo ikus-entzunezko baliabidetara bideratutako estekak. Hala ere, mezuen aurkezpena aberasten duten elementuak erabili ahal izango dira, betiere irakurlearen arreta erakartzeko, informazioa ilustratzeko edota mezuak erakargarriago egiteko helburuz: estekak, emotikonoak, bideoak, irudiak, gif animatuak, eta abar.

Bi sari banatuko dituzte. Bata, 500 eurokoa, ikerketa-lana modu ulergarrienean azaltzea lortzen duenari; eta bestea, 300 eurokoa, bere tesia modu originalenean aurkezten duenari. Epaimahaia Bitor Alonso Fraduak, Galder Gonzalez Larrañagak, Maite Luengo Agirrek, Jone Mitxelena Sanchezek eta Olatz Perez de Viñaspre Garraldak osatuko dute.

Sari banaketa maiatzaren 30ean egingo da, Eibarko Markeskoa Jauretxean, 18.00etan. Irabazleak nortzuk diren jakinaraziko dute, eta Miren Iraeta Orbegozo, Oihane Mendizabal Sandonis eta Sofia Marcos Basagoiti ikertzaileek Euskal Herriko pottoken jatorria eta ondareari buruz egiten ari diren ikerketa-proiektuari buruzko hitzaldia emango dute. Ikertzaile bakoitzak bere arloa aurkeztuko du eta jakintza horiek diziplinarteko proiektu batean nola elkartzen dituzten azalduko dute.

Lehiaketaren inguruko zalantzarik izanez gero, komunikazioa@ueu.eus helbidera idatzi behar da.