MAIATZA IRRIBARREEN BARATZA

MAIATZA IRRIBARREEN BARATZA https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maiatza-irribarreen-baratza/@@download/image/optimo_gaztezulo.jpg
2017/05/09
albiste-laburra

Testua: Bud Letona

MAIATZA  IRRIBARREEN  BARATZA

Ez al da ba latza Maiatza?! Belarri ondoan sumatu dut eguzkiaren hatsa, uda atariko ilusio horien abesbatza. kantuz, zeruari begira, ingurukoekin batera gainditu dut ‘zer egin?’ galderak sortzen duen zalantza. motza da orain lehen luze zen galtza, indarberriturik kaleratu dut gorputz honen dantza; goazen lekura goazela, ezagutzeak, sentitzeak eta partekatzeak behar lukeelako izan ilargiari begira bizi garenon iparrorratza.

 

LAKU ETA MENDI

Batuko gara edozein txokotan, mendi baten besape edo laku baten sudur puntan. Akaso maiatzaren 14an, Senperen, Ipar Euskal Herriko eskolen besta itzela den Herri Urrats ekitaldiaren bueltan, gazte eta zaharrak bilduz, kontzertu, emanaldi eta kolorez beterik, euskararen aldeko pauso handi den egun horretan.

Eta bestela, maiatzaren 27 eta 28an, Usopop Festibalaren #8 edizioan ikusiko dugu elkar, urtero bezala, Sara inguruko Lizarrietan. Herri bat, bi egun, eta hainbat plazer: azoka, haurrentzako tailerrak eta Totorro, Laish, Bigott, Howdy SS, Paxkal Irigoyen eta Petit Fantome bezalako hainbat musika proposamen eder.

 

 

UME ZEIN HELDU, ABESTEA ZORIONAREN ZIMENDU

Hobe bizi gara kantuan, erantzun faltan aireratzen dugun intonazio anitzeko oihuan. Hala, Adixkideak Koruaren emanaldia ezin galdu Kanboko eliza barruan, arratseko 20:30ean hasita, maiatzaren 12an.
Haurrek ere egia ugari euren hitzetan! Adi, beraz, Haur Kantu Txapelketaren egun handia izango den maiatzaren 21 horretan, Xiberoko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko kanporaketak izango baitira Larrau, Armendarits eta Saran.

Jantziko gaituzte biluzten diren horiek oholtza gainean, Bidarteko Beheria Antzokian ATX antzerki konpainiak Fakiu lana
aurkeztuko baitu egun berean.

 

ALFERRIK MUSIKA BARIK (BIS)

Kontzertu eta emanaldi gehiegi aukeran? Ez! Segi aretoetan barrena talde berriak entzunez hegan, segi linbo garden hori
lortzeko saiakeran, egunak falta zaizkit agendan, belarri eta begi gehiago nahi nituzke aukeran.

Hemen pare bat proposamen. Maiatzaren 19an gau ederra antolatu dute Miarritzeko Atabalen; Hellfest festibal ezaguna baino lehenagoko asteak berotzeko WARM UP TOUR 2K17: ONE HELL OF A RIDE ekitaldia, anitz bezain ozen, Showtime, DJ Mike Rock, If Renaud Was A Punk, Leather Priest eta Iron Fist taldeekin.

Badut gogoa ere dantzan aritzeko, maiatzaren 6an, Optimo bikote eskoziarrak bere DJ Set itzela aurkeztuko baitu Donostiako Dabadaba aretoan; han izango naiz Michael Jacksonen pareko, ezinegona ahazteko, uneren bat arnasteko. Nik abisua pasa diet nire ingurukoei, maiatzean adi! Badugu zer egin ugari, nora joan eta nondik etorri. Abisua ere pasa diet galtza motzei, hilabetez bajan egon diren horiei… Gogoz nabil, ingurura begira sarri, irentsi nahiez sentsazio zahar zein berri, ostean, bildutako sekretu eta une guztiak astiro xuxurlatzeko udari.