Maddi Etxeberria: "Osasuntsu jateak ez du zertan gorputz normatibo bat izatearekin erlazionatuta egon".

Maddi Etxeberria: "Osasuntsu jateak ez du zertan gorputz normatibo bat izatearekin erlazionatuta egon". Maddi Etxeberria (Larraul, 1998) beharbada askok bere idazle alderdiagatik ezagutuko duzue. Egun, ordea, oso bestelako proiektuetan dabil buru belarri. "Begaonegin" deitutako Instagram kontua zabaldu du landare jatorriko dietaren inguruko informazioa zabaltzeko eta baita, anti-dieta mugimendua ezagutarazteko ere. Horretaz gain, Imanol Santoyorekin batera "Baraua hautsiz" podcasta ere sortu du. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maddi-etxeberria-osasuntsu-jateak-ez-du-zertan-gorputz-normatibo-bat-izatearekin-erlazionatuta-egon-behar/@@download/image/E8p00anXMAQBlLt.jpg
2022/02/01
elkarrizketa

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Maddi Etxeberria (Larraul, 1998) beharbada askok bere idazle alderdiagatik ezagutuko duzue. Egun, ordea, oso bestelako proiektuetan dabil buru belarri. "Begaonegin" deitutako Instagram kontua zabaldu du landare jatorriko dietaren inguruko informazioa zabaltzeko eta baita, anti-dieta mugimendua ezagutarazteko ere. Horretaz gain, Imanol Santoyorekin batera "Baraua hautsiz" podcasta ere sortu du.
Maddi Etxeberria: "Osasuntsu jateak ez du zertan gorputz normatibo bat izatearekin erlazionatuta egon".

Instagramekoko zure "Begaonegin" kontuko deskribapenean diozu jaten duguna baino gehiago garela. Zer esan nahi duzu?
Azken urteetan, sentsazioa dut osasungintzako profesional asko horretara mugatu direla, azken batean, guk kontrolatzen duguna delako. Bai, egia da, elikadurak gure gorputzean eragina duela, baina horrek ez du esan nahi hori baino gehiago ez garenik. Asko amorrarazten nauen esaldia da, osasuna horrekin definitzen du jendeak. Nola jaten duguna bakarrik garela? Eta egiten duguna zer? Pentsatzen duguna? Sentitzen duguna? Sistema bera? Guzti horrek ez dauka eraginik? Noski baietz! 

Zein helbururekin ireki zenuen kontu hau?

2016ko abenduan, %100 landare jatorriko dietara pausoa eman nuenean informazio asko topatu nuen beganismoaren inguruan, baina ez euskaraz. Beraz, hasierako nire asmoa beganismoaren inguruko informazioa euskaraz zabaltzea izan da. Gerora asmoa aldatu da.

Landare jatorriko dieta proposatzen duzu. Zer dela eta? Zer abantaila dakartza ohiko dieta batekin alderatuta?
Ez dakit hori ote den nik proposatzen dudana, nire kontraesanak dauzkat. Alde batetik, ulertzen dut pertsona bakoitzak bere prozesu propioa eta bere bizipen propioak dituela. Egia da ere, batez ere trantsitua egin berritan, haserre fase bat ere igarotzen dela, zuk hain argi ikusten duzun gauza besteek ez ikusteagatik. 
Baina bai, nik %100 landare jatorria duten errezetak partekatzen ditut, eta horren helburua dieta mota honekiko dauden estigmak apur bat haustea da. 2022an, oraindik ere entzuten da jendea esaten barazkiak aspergarriak direla, plater begetalak ez zaizkiela gustatzen...

Azkenik, inor zalantzan balego elikadura %100 begetalaren batera saltoa emateko, esango nioke etikoki eta moralki erabakirik zentzudunena izateaz gain, gaur egun existitzen den elikadura-kontsumo modurik jasangarriena dela.
 

Zein da zure plater gogokoena?
Beti blokeatzen naiz horrelako galderekin. Sekula ez dakit gogokoena aukeratzen, ez abestia, ez platera, ez pelikula... Elikagai bat esatekotan, agian, garbantzuak esango nuke, plater ugaritan erabili daitezkeelako: falafelak, humusa, gisatuta, entsaladan...

Hitz gutxitan zer da zure ustez dieta osasuntsu bat?
Dieta osasuntsu batek pertsonara egoki behar du, ez pertsona dieta osasuntsura. Labur esateko, dieta osasuntsu bat nutritiboki jatearen eta bere gorputza entzutearen arteko oreka bilatzea izango litzateke, beti ere erruduntasun sentimendurik gabe. Esango nuke azken hau dela zailena eta gehien kostatzen zaiguna. Eta noski, kontuan hartuta, jatea ez dela behar fisiologikoei erantzutea bakarrik, faktore asko daude gosean eragiten dutenak. Osasuntsu jateak ez du zertan gorputz normatibo bat izatearekin erlazionatuta egon behar. 

Noiz eta zergatik erabaki zenuen begano bihurtzea?
Aipatu dudan bezala, aldaketa 2016ko abenduan eman nuen eta erabaki koherentea izan zen. Beti esan izan dut animaliak maite ditudala eta ni ez nintzateke bat hiltzeko gai izango. Aldi berean, hori esan arrean, animalia hilak kontsumitzen nituen. Beraz, enpatia ariketa bat eginez, nire izate eta pentsamoldearekin koherente izateko pausoa ematea erabaki nuen. 

Beganismoaren inguruan aurreiritzi asko daudela iruditzen al zaizu?
Bai, oraindik bai. Egia da asko zabaltzen ari den gaia dela. Pixkanaka jendea konturatzen ari da barazkiak soilik jaten ditugunoi ez zaigula proteinarik falta, eta burdin begetala existitzen dela, adibidez. Euskal kulturan, ordea, animalien kontsumoa oso errotuta da eta oraindik kostako da honi buelta ematea. 

Anti-dieta hitza ere aipatzen duzu. Zer da anti-dieta bat?
Anti-dieta zerbait zehatza baino, mugimendu bat dela esango nuke. Dieta, nahiz eta teorian plan nutrizionala izan, gaur egun, pisua galtzeko plan nutrizionalarekin erlazionatzen da. Halaber, anti-dieta mugimenduan ez dugu horrelako gauzetan sinisten. Izan ere, pisua galtzeko dieten %95ek porrot egiten dute. Anti-dieta mugimenduak, berriz, hezkuntza nutrizionala zabaltzen du, elikagaiak deabrutu gabe eta murrizketa-betekada zirkuluarekin haustea du xedea. 

Nutrizionista ikasketak burutu dituzu. Zer moduz? Ze da ikasi duzun gauzarik baliotsuena?
2020an amaitu nuen gradua Gasteizen. Graduak eman didan gauza on bakarrenetako nutrizionista titulua izan da, horretan lan egiteko aukera eskainiz. Gradua nahiko berria izan arren, oso atzeratua dago bere edukian eta hori oso frustragarria da, berezi eduki horrekin ados ez bazaude.

Unibertsitatean kaloriak kontatzen erakusten dute. Hori, egoera oso zehatzetan izan ezik, erabat zentzugabea da. Begetarianismoa eta beganismoa ia-ia aipatu ere ez dira egiten, eta aipatzen direnetan, ez dira baliozko aukera gisa aipatzen. Ikasketa horietatik atera dudan gauzarik baliotsuena, beharbada, gorputzaren funtzionamenduaz ikasi dudan guztia izan da: anatomia, fisiologia, fisiopatologia... Ikasteko astunena izan arren, gerora ikasitako gauzak ulertzeko oso interesgarria izan da. 

"Baraua hautsiz" deitutako podcast eta Instagram kontua ere baduzu Imanol Santoyorekin batera. Zertan datza?
Podcastaren helburua nutrizioa jendarengana gerturatzea da. Lagunarteko elkarrizketa formatuan, gizartean erabat barneratuta dauden mitoak desegin nahi ditugu eta pil-pilean dauden gaien inguruan hitz egiten dugu. Helburua, gure prozesua partekatzean da. Noski, gustatuko litzaidake diskurtsoa zabaltzea, adibidez jendeak lodifobiaren aurrean begiak zabaltzea. Egia esan, ez dakit zenbateraino den utopia. Azken finean, lodifobia beste zapalkuntza bat gehiago da eta kontziente egin behar dugu hori ere. 

Zer nolako harrera izaten ari dira bi proiektu hauek?
Orokorrean oso harrera ona izan dutela esango nuke. Jendeak horrelako diskurtsoak entzuteko premia dauka. Entzun beharra du gainera, osasuna ez dela beti gorputz argal batean aurkitzen. Entzun beharra du gosaria ez dela eguneko otordurik garrantzitsuena. Dogma askorekin bizi gara eta horietako asko elikadurarekin lotuta daude.
 

Dieta askok gizena ez egotearekin lotzen dute. Zer arrisku du horrek?
Egungo dieta kontzeptua pisua galtzearekin lotuegia dago, horregatik hainbat profesional anti-dieta gisara definitzen gara. Hasteko, dietak argaltzearekin erlazionatuta egoteak osasunaren definiziotik urruntzen gaitu. Gainera, gorputz zehatz bat eskuratu nahi izatearen obsesiora ere bagaramatza eta horrek elikadura-nahasteak pairatzeko aukerak areagotu ditzake. 

Oro har, zer deritzozu euskaldunok daramagun dietari buruz?
Asko orokortzea iruditzen zait hori! Baina egia da, mendebaldeko kulturetan, animalia-jatorriko proteina gehiegi jateaz gain (eta landare jatorriko oso gutxi), beharko genituzkeenak baino zuntz eta barazki gutxiago kontsumitu ohi dugula. 

Aipatu duzun bezala, askotan erruduntasun sentimendua dieta hitzarekin lotuta doa. Nola gainditu hori?
Ez da batere erraza, faktore asko sartzen baitira jokoan. Hasteko, elikagaien balorazio morala egiteari utzi beharko genioke. Hau da, elikagaiak on edo txar bezala sailkatzeari utzi beharko genioke. Noski, ez da batere erraza. Pisua hartzea zigortzen den, eta galtzea zoriontzen den, gizarte batean bizi gara, non etengabe mezu lodifoboak zabaltzen diren. Beldur handia dago. 

Zein da egiten dizuten galderetatik gehien errepikatzen dena?

Esango nuke gehien mito nutrizionalen inguruan edo elikagai zehatz batzuen inguruan galdetzen didatela.

 

Bi proiektuetan euskaraz aritzen zara eta aipatu duzu zure helburua horretan mantentzea dela. Zer dela eta?
Hautu politiko bat da. Oso kontziente naiz eduki bera beste hizkuntza batean egingo banu jende gehiagorengana iritsiko nintzatekeela. Euskara, ordea, nire hizkuntza da eta nik sortzen dudana euskaraz izatea nahi dut. Batetik, hala ateratzen zaidalako, eta bestetik, gure hizkuntzak guzti honetan ere bere tokia izatea nahi dudalako. 

Etorkizunera begira beste proiekturen bat bai buruan? 
Ideia pila eta gogo ikaragarria ditut, baina oraindik, definitutako ezer ez. Hala ere, nire ametsek laster forma hartzea espero dut!