Maddi Agirrek eta Beñat Astizek irabazi dute Arabako eta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Maddi Agirrek eta Beñat Astizek irabazi dute Arabako eta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa Euskal Herriko eskolartekoan arituko dira biak ekainean, beren lurraldearen ordezkari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/maddi-agirrek-eta-benat-astizek-irabazi-dute-arabako-eta-nafarroako-eskolarteko-bertsolari-txapelketa/@@download/image/My project (5).png
2022/05/23

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskal Herriko eskolartekoan arituko dira biak ekainean, beren lurraldearen ordezkari.
Maddi Agirrek eta Beñat Astizek irabazi dute Arabako eta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Larunbatean jokatu ziren Arabako eta Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak eta Maddi Agirrek eta Beñat Astizek jantzi zituzten txapelak.

Arabakoari dagokionez, 14 urtetik beherakoen bertso idatziak entzun zituzten aurrena Gasteizko Federico Garcia Lorca aretoan bildu zirenek, eta, jarraian, Armentiako Bertxilika Bertso Eskolako ikasleak aritu ziren bat-batean. Eguerdian ekin zioten 14-18 urte artekoen txapelketari, eta Irati Martinez, Maddi Agirre, Eukene De los Aires, Samuel Rodriguez, Hegoi Amabizka, Sabin Abarrategi, Gari Arexolaleiba eta Danel Herrarte aritu ziren bertsotan. Agirre, De los Aires, Amabizka eta Herrarte igaro ziren bakarkako lanetara eta, azkenik, Maddi Agirrek lortu zuen lehen postua, bigarren aldiz. Agirre bera eta Danel Herrarte izango dira Iurretan ekainaren 18an jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Arabako ordezkari.

Nafarroan, berriz, Antton Ciriza Saragueta (Iruñea), Beñat Astiz Isasi (Barañain), Eki Mateorena Zozaia (Leitza), Larraitz Goikoetxea Zuriarrain (Altsasu), Manex Leone Baraibar (Iruñea), Olatz Bados Ganuza (Olazti) eta Xabier Elizalde Soto (Iruñea) aritu ziren bertsotan. Ainhoa Larretxeak aurkeztu zuen Arantzako aterpean jokatutako saioa, eta Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta aritu ziren epaile lanetan. Beñat Astiz eta Eki Mateorena pasatu ziren bigarren fasera, eta Astizek bildu zituen puntu gehien. Astizek jantzi zuen txapela eta Oinak buruan saria eskuratu zuen Mateorenak. Astiz txapeldunak eta Mateorena txapeldunordeak ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.