M-9 Barbie panpinaren eguna

Barbie panpinak 57 urte bete ditu, eta bai, martxoaren 9an. Barbie panpinaren Nazioarteko Egunean, bere ibilbidea errepasatu dugu; argi-ilunak izan ditu, baina azken urteetan nabarmen aldatu da.
EMAKUME BATEK SORTUA
1959 urtean, Ruth Handlerrek Barbie sortu zuen. Lehen Barbiek oso bestelako itxura zuen; izena bere alaba Barbaratik hartu zuen Handlerrek. Bere sortzailearen helburua, sinesten ez baduzue ere, neskei handitan izan nahi zutenaz pentsatzera bultzatzea zen. Dena den, garaian Alemanian gizonentzat saltzen zen Bild Lilli panpina sexualean oinarritu ziren Barbie diseinatzeko.
MUNDU GUZTIAN ZEHAR
60ko hamarkadatik aurrera, Barbie mundu guztira zabaldu zen. Kalkuluen arabera, 150 lurraldetan bilioi bat panpina saldu dira. Segundoko hiru Barbie saltzen dira munduan.
BARBIE-REN EZINEZKO NEURRIAK
Barbie benetako emakume bat balitz, hauek lirateke bere neurriak: 1.70 zentimetroko luzera, 43 kilo, 99 zentimetro bularrean, 55 gerrian eta 83 gerri-ondoan. Ezinezko neurri horiez gain, Barbie segituan moldatu zuten kapitalismoen estereotipoetara: etxeko lanak egiten zituen emakumea zen, ondoan Ken izeneko mutila behar zuen, eta mota guztietako jantzi, makillaje eta bitxiak ziren bere osagarri gogokoenak.
BARBIE: DATU BITXIAK
Bazenekien 2014an txakur batekin zioan Barbie saldu zutela? Txakurrak gorotzak botatzen zituen, eta azkenean merkatutik erretiratu behar izan zuten, haurrek piezak irentsi zitzaketelako.
Andy Warhol margolariak Barbie margotu zuen 1985 urtean.
BARBIE-REN ALDAKETAK
Pixkanaka, mugimendu feministek eta merkatuaren aldaketak Barbie aldatzera eraman du. Lehen Barbie beltza 70ko hamarkadan sortu zuten, baina bestelako arraza eta formak askoz beranduago sortu zituzten, 90eko hamarkada amaieran. Azken urteetan, baina, asko aldatu da Barbie; lanbide ezberdinetan, fisiko ezberdinekin, aniztasunarekin bat egiten saiatu dira egileak. Azken berrikuntza aste honetan eman dute: Historian garrantzitsuak izan diren emakumeen figurak jarri dituzte salgai, Frida Kalho, Ashley Graham edota Katherine Johnson kasu. Bide onetik ote doaz?