Lurrunaren garaia?

Lurrunaren garaia? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lurrunaren-garaia/@@download/image/drogak_149_1393934705.jpg
2014/03/10
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea
Erretzeari uzteko eta erretzaileak ez diren pertsonak errespetatzeko alternatiba osasuntsu gisa aurkeztu dituzte zigarro elektronikoak, baina oraindik euren osaera, eragin eta ondorioen inguruan ezezagutza handia dago.


Produktuaren inguruko ezagutza eskasa izan arren, azkenaldian Euskal Herrian asko hitz egin da zigarro elektronikoen (eCig) inguruan, eta gure gizartean, pixkanaka, euren lekua hartzen ari direla esan genezake; oraindik modan daudela esatea gehiegizkoa litzatekeen arren.

Zigarro horiek Txinan komertzializatu zituzten lehenengoz 2004an, eta bi urte geroago iritsi ziren Europara. Euskal Herrian, aldiz, duela bi urte eskas hasi ziren oihartzuna izaten, batez ere tabakoaren kontsumoa gutxitu edo erabat moztu nahi zuten erretzaileen artean.

Zigarro elektronikoen salmentak gora egin du batez ere leku publikoetan erretzea debekatzen duten herrialdeetan, Euskal Herrian, adibidez, 2011ko Tabakoaren Aurkako Legea dela eta. Izan ere, gurean gaur egun indarrean dagoen legeak ez du espazio publikoetan zigarro elektronikoen erabilera debekatzen. Aldiz, Amerikako Estatu Batuetan, Katalunian edota beste hainbat tokitan, debekatuta dago zigarro hauek gune publikoetan erretzea. Are gehiago, herrialde batzuetan merkaturatzea ere debekatuta dago.

Adin txikikoei dagokienez, tabakoaren kasuan bezala, Euskal Herrian zigarro elektronikoen salmenta debekatua dago. Adin horretatik aurrera, aldiz, edozeinek eskuratu ditzake Internet bidez, farmazietan, tabako-dendetan edota zigarro elektronikoak saltzeko espreski zabaldu diren dendetan.

Momentuz, zigarro elektronikoen osaera eta eragin kaltegarrien inguruko informazio gutxi dago. Dakigun gauza ziur bakarra da 30 markatik gora daudela eta bakoitzak substantzia jakin batzuk erabiltzen dituela; gainera, hainbat fabrikatzailek ez dute osagaien zerrendarik jarri produktuan. Hala ere, badira osagai batzuk zigarro elektroniko guztiek dituztenak: ur destilatua, glizerina, propilenglikola eta nitrosaminak, adibidez. Eta jakina da azken bi substantzia horiek minbizia eragin dezaketela. Horregatik, soilik ura dutela edo menpekotasuna sortzen duten substantziarik ez dutela bezalako ideiak baztertu egin behar ditugu. Are gehiago, nikotinadun zigarro elektronikoak ere badira.

Era berean, ikertzeko dago zigarro elektronikoek erretzeari uzten laguntzeko duten eraginkortasuna. Aditu batzuen iritziz, kontsumoa murriztu dezaketen arren, erretzaile askok ez diote erretzeari uzten. Nikotinadun zigarro elektronikoen kasuan, noski, ez da nikotinarekiko menpekotasuna desagertzen, baina nikotinarik gabekoen kasuan ere, zigarroa erretzeko joeraren menpekotasuna ez da saihesten, eta ez hori bakarrik, tabakoaren erabilerarako sarbide ere izan daitezke. Horri lotuta, Osasunaren Munduko Erakundeak uda partean zigarro elektronikoak ez erabiltzea gomendatu zuen, oraindik euren eraginkortasuna, eragina, segurtasuna eta kalitatea zientifikoki ikertzeko daudelako. Hori dela eta, zalantza horiek guztiak argitzeko saiakera kliniko, psikologiko eta farmakologiko gehiagoren beharra dago.

Dena den, badira zigarro elektronikoen erabileraren alde agertu diren adituak ere, horien eraginkortasunean sinesten dutenak eta produktuaren kontrako erasoak bestelako interesei loturik daudela diotenak. Batez ere arrazoi ekonomikoak (tabako eta farmazia industrienak nagusiki, edota lurrunaren kontura aberastu nahi dutenenak) aipatu dituzte. Izan ere, zigarro elektronikoak gurean oraindik oso ezagunak ez zirenean, inor ez zen haien kontra agertu; produktuaren salmentak igo direnean aldatu da egoera.