Lurraldea & Hizkuntza jardunaldiak berrartuko ditu UEUk

Lurraldea & Hizkuntza jardunaldiak berrartuko ditu UEUk https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lurraldea-amp-hizkuntza-jardunaldiak-berrartuko-ditu-ueuk/@@download/image/luhi3_1461659383.jpg
2016/04/26
berria
Aurreko bi urteetako saioei segida emanez, hirigintza-proiektuen eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna (ELE) izango dute hizpiede maiatzaren 12an Donostian.

Udako Euskal Unibertsitatea 2014an hasi zen Lurraldea & Hizkuntza jardunaldiak antolatzen, lurralde-antolakuntzaren eta hizkuntza-aldaketaren arteko harreman kezkagarriak mugituta.

2015ean hirigintza-proiektuen eragin linguistikoa ebaluatzeko lehenengo tresna aurkeztu zuten: ELE. Eta aurten, tresna horren beraren oraina eta etorkizuna irudikatu nahi dituzte LuHi3 jardunaldietan.

Goizane Arana (UEMAko teknikaria), Imanol Esnaola (Gaindegiako koordinatzailea), Imanol Azkue (Elhuyar aholkularitza), Jabier Zabaleta (Orioko euskara teknikaria), Marta Chamorro (Baztango Udaleko euskara teknikaria), Miren Vives (Projekta estudioa) eta Unai Fernandez de Betoño (EHUko irakalsea, arkitektua) ariko dira irakasle gisa honako helburuen inguruan:

– Euskararen arnasgune geografikoen tipologia zehaztea
– Hirigintzaren Eragin Linguistikoaren Ebaluazioen esperientzia zehatzen berri izatea
– Hirigintzaren eragin linguistiko kaltegarria apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartzea
– Eragin Linguistikoaren Ebaluazioaren txertaketa legalaz hausnartzea

UEUk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEMArekin elkarlanean programatutako saioa hizkuntzalaritzaren inguruko adituei zuzentzen zaie bereziki; soziolinguistei, euskara-teknikariei eta, oro har, euskara indarberritzeko interesa duten guztiei. Maiatzaren 12an izango da, 8:30etatik 17:00etara bitarte (bazkaria barne, aldez aurretik jakinarazita).