Lur Uribarren: "Uretan zirriak egitea gauza ederra da"

Lur Uribarren: "Uretan zirriak egitea gauza ederra da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lur-uribarren-quoturetan-zirriak-egitea-gauza-ederra-daquot/@@download/image/lur_uribarren_1385479323.jpg
2013/12/05
elkarrizketa
Lur Uribarren: "Uretan zirriak egitea gauza ederra da"
Ur gainean, hamairu gizonen gidari, Portugaleteko traineruaren patroi izan da Lur Uribarren (Elantxobe, 1987) San Miguel Ligako azken bi denboraldietan. Sexu kontuetan baina, gidatu dezaten ere gustuko du. 


Traineruan, patroiak zorrotza behar du izan. Lehorrean ere horrelakoa zara ala baduzu goxotasunerako tarterik?
Traineruan zorrotza naiz, baina behin lehorrean, goxotasunerako denbora ateratzen saiatzen naiz.

Sexu kontuetan ere patroi lanetan gidari aritzea gustuko duzu ala nahiago gidatua izatea?  
Biak ditut gustuko, baina traineruko egunerokotik ateratzeko gustura hartzen dut gidatua izatea.

Gorputza ondo landuta duzue zuek, beso sendoak, bizkar zabalak… horrek lagunduko du ligatzerako orduan, ezta?
Ez dakit, suposatzen dut baietz… baina hori nik esan beharrean ligatzen saiatzen naizen horiek esan beharko lukete.

Eskuetako eta ipurdiko babek, aldiz, botako dute bat edo beste atzera…
Kar, kar, kar. Kasu horretan ni zorteduna naiz, arraunlari aritzen ez naizenez horrelakorik ez dut eta. Leun leunak ditu eskuak, eta baita ipurdia ere!

Udan, jendea jairik jai eta zuek denboraldi bete-betean. Ezin izango duzue udako gau giroaz asko gozatu…
Egia esan, ez dugu aukera askorik izaten, baina udaz beste modu batzuetan gozatzea ere posible da.

Aldiz, ikasturtea hasi eta jendea formal dabilenean, ohikoak omen dira arraunlari koadrilen parrandak…
Bai, orain ibiltzen gara gu gau giroan, arraunetik dugun tartetxo honetan topera! Normalean bazkari ederrak egiteko batzen gara, eta gero parranda.

Estropada ostean, piropo asko jasotzen duzu?  
Egia da jendeak asko animatzen gaituela, baina momentuz piropoak jasotzerik ez zait suertatu.

Bikotea liluratzeko, onena batelean bueltatxo bat? 

Ez dut sekula probatu. Hala ere, uste dut bikotea liluratzeko momentuz ardo zuri freskoarekin jarraituko dudala...

Itsasoa leku ona al da larrutan egiteko?
Ez dakit, ez baitut probatu. Baina baiezkoan nago, leku lasaia da, eta normalean inguruan ez duzu molestatuko zaituen inor.

Gainontzean, zein da zuretzako lekurik onena?
Uretan zirriak egitea gauza ederra da, baina nik neuk ohea nahiago.

Gomendatzeko moduko zirritokirik?
Itsasoa eta mendia.