"Luke Skywalker sindromea" ezagutzen duzu?

Kasu nabarmen bat, izenbururako aukeraturiko Luke Skywalker (Mark Hamill) izan liteke. Star Wars filmaren arrakastaren ostean, mundu guztiak pertsonaia bezala identifikatzen zuela ohartu zen, ez aktore moduan. Sailkapen hori gainetik kentzeko ahalegina egin zuen hainbat filmekin. Ezinezkoa. Gaur egun, film, bideo-joko eta telesailen bikoizketa lanetan aritzen da, naiz eta azken urteetan estreinatu diren Star Wars-en film berrietarako ere berreskuratu duten.
Ez da iraganeko kontua soilik. 2014 urtean, Birdman filma estreinatu zen zinema aretoetan. Bere garaian super-heroi papera egin ondoren, bere burua teatroan berrasmatu nahian ari den aktore baten istorioa kontatzen digu Alejandro Gonzalez Iñarrituk. Michael Keaton amerikarra dugu protagonista, “kasualitatez” duela urte batzuk Batmani esker ezagun egin eta geroztik apenas oihartzunik izan duen aktorea. Beraz, zalantzarik ez rol horretarako bera hautatzea oso neurtutako erabakia izan dela; eta ziurrenik bere bizitza hartu du oinarri pertsonaian murgiltzeko –ez al zaizue iruditzen susmagarria, pelikulan zehar entzuten dugun off-eko ahots grabe hori, Batmanenaren oso antzekoa izatea?–.
Posible al da pertsonaia handien etiketa gainetik kentzea? Oso konplikatua dirudi. Alde batetik, mota horretako pertsonaiek gizartean izaten duten eragina saihestezina baita; zinemazalea izan ala ez, edozeinek identifika baititzake. Ikono bihurtzen dira.
Egin dezagun jolas bat hori frogatzeko: saiatu beheko hutsuneak betetzen, ziur nago guzti-guztiak asmatuko dituzuela eta:
(#GAZTEZULOpertsonaiak traola erabili sare sozialetan zuen erantzunak elkarbanatzeko)
- Harrison Ford: __________
- Michael J. Fox: __________
- Anthony Hopkins: __________
- Audrey Tautou: __________
- Julie Andrews: __________
- Renée Zellweger: __________ *
Baina, nahiz eta etiketa hori ez gainditu, badira aktore batzuk, lan bikain gehiago egiten jarraitu eta “pisu” hori ezin hobe eramaten jakin izan dutenak; Jeff Bridges-Lebowski, Frances McDormand-Marge Gunderson, Al Pacino-Tony Montana eta Robert De Niro-Travis Bickle, esaterako. Pertsonaia horiek betiko geratuko dira itsatsita zinemaren historian, eta beti identifikatuko ditugu aktore horiekin, baina geroztik lan ugari egin dituzte eta hasieran lasta zamatsua zirudiena, euskarri bihurtzen asmatu dute.
Telebistan ere gertatzen dira horrelakoak. Kasu honetan “Friends sindromea” esaten zaio. Mundu guztiak ezagutzen du telesail hori, baita Ross, Rachel Monica, Chandler, Joey eta Phoebe pertsonaiak ere. Baina gai al zarete Internetera jo gabe aktoreen izenak esateko? Geroztik beraien karrera nolakoa izan den erakutsi dezake horrek. Pantaila txikian beste kasu ugari ere aurki ditzakegu, baina nabarmena Jaleel White (Steve Urkell) izan liteke.
Telebista eta zinemaren ikono bihurtu dira guztiak, baina bi bide zeuzkan errepide kurbatsu horretan norabide desberdinak aukeratu dituzte. Batzuk ezkerreko bidea hartu eta helmugara iritsiko dira. Besteak aldiz, okerreko norantza hartuta, amildegitik behera erori eta momentu hartako irudia baino ez dugu izango gogoan, Azken finean, beraien arrakastaren biktima bihurtu dira, zorte txarra, espero ez zuten ospe hori gaindiezina zelako ala besterik gabe, pertsonaiak aktorea irentsi duelako.
* Bai, asmatu duzue, erantzunak hauek dira: Indiana Jones-Han Solo, Marty McFly, Hannibal Lecter, Amelie, Mary Poppins, Bridget Jones.