Luke Evans: Guda dantzan

Luke Evans: Guda dantzan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/luke-evans-guda-dantzan/@@download/image/luke_1411984003.jpg
2014/10/06
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa @abaroa37
Luke Evans: Guda dantzan
Aberbagoed, herrixka bat, 10.000 biztanle baino gutxiagokoa, Cardiffetik 30 kilometrora. Yvonne eta David Jehovako testiguak dira, eta erlijioaren arauen pean hezi dute Luke txikia. Herriko eskolara doa Luke, eguna kantatzen eman nahi lukeen ume xaloa.


Baina ez etxean, ezta eskolan ere, ez du bere zaletasunari bide emateko aukerarik ikusten. Hamasei urte bete, eskola utzi, eta Galesko hiriburura alde egitea erabakiko du. Bi urtez kantu eta antzezpen eskolak jaso ostean, beka batek Londresko Studio Centre eskolako ateak irekiko dizkio; balleta, dantza garaikidea eta jazza uztartzen dituen harrobia, tximinia ketuen erdigune izatetik artista banguardisten txoko bihurtzen ari den King’s Cross auzoan.

West Endean hazitako aktorea da Luke Evans, Taboo, Rent, Miss Saigon, Avenue Q edota Piaf bezalako musikalengatik ezaguna, gorputza eta kantua espresiobide dituen gizona. Eta hamar urte luzez ilunpetan dagoen publikoaren berotasunaz gozatu ostean, 30 urteak beteta zituela, zinera jauzi egiteko kroma berdearen hotza aukeratu zuen. Clash of the Titans (2010) izan zen filma, eta Apolo jainkoa pertsonaia. Akzio hutsa; borroka, testosterona eta oihuak. Eta ondorengoak ikusita, badirudi norabide aldaketarekin gustura geratu zela, ostean etorri baitziren Robin Hood (2010), The Three Musketeers (2011) edota Immortals (2011).

Egia esan, atzera botatako adats, kokotx karratu eta moustache horrekin, ezpata edo arku bat eskutan duen edozein pertsonaia izateko hautagai perfektua dirudi. Eta antza, Peter Jacksonek ere horixe pentsatu du, The Hobbit, or There and Back Again eleberriaren hiru filmeko moldaketan Bard Arkugizona izateko aukera eman baitio. Trilogia itxiko duen azken atala Gabonak aurretik estreinatuko du, beraz, baina horren aurretik, literatura fantastikoaren beste pertsonaia klasiko bat gorpuztera datorkigu hilabete honetan: Drakula. Vlad Tepes Errumaniako errege enpalatzailea imajinario kolektiboko banpiro odol-xurgatzailea nola bihurtu zen erakutsiko omen digu Dracula Untold filmak; hori bai, datu eta errekonstrukzioa historikoen gainetik, efektu bereziak eta guda dantza izango dira nagusi.

Luke Evans


IZENA: Luke George Evans.
JAIOTEGUNA: 1979-04-15.
JAIOLEKUA: Aberbagoed (Gales).
AKTORE KUTTUNENA: Anthony Hopkins.
ZUZENDARI GUSTUKOENA: Quentin Tarantino.
MAITE DU: Sukaldaritza.
GORROTO DU: Sandaliak.