Lore Suarez: “Batasuna legez kanpo uzteak gatazka larrituko luke"

Lore Suarez: “Batasuna legez kanpo uzteak gatazka larrituko luke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lore-suarez-batasuna-legez-kanpo-uzteak-gatazka-larrituko-lukequot/@@download/image/18p22-1_1370377580.jpg
2002/04/05
elkarrizketa
Sara Soria
Lore Suarez: “Batasuna legez kanpo uzteak gatazka larrituko luke"
Lore Suarez donostiarra da, 27 urte ditu, eta PSE-EEko JJSS-Egaz gazte erakundeko Gipuzkoako idazkari orokorra da. Zinegotzi ere bada Pasaian. Bizkartzainarekin ibili ohi da.

Zein da, zure ustez, Euskal Herria jasaten ari den gatazkaren irtenbidea?
Batetik, arazo politikoa konpondu behar da, bide politikoen bidez, hau da, alderdi guztien artean hitz eginda. Hitzarmen batera heltzen saiatu behar dugu. Bestalde, bortizkeria dago, eta bortizkeria hori, egiten dutenek besterik ezin dute amaitu. Alegia, ETAk hiltzeari uzten dionean bukatuko da.

Azken boladan PSOEk ETAren zenbait atentatu jasan ditu, tartean Eduardo Madina JJSS-Egazeko buruetako baten kontrakoa. Zuen alderdian ikuspuntu ezberdinak omen daude gatazkari buruz, eta hausnarketan ari zarete. Atentatuok gogoeta baldintzatuko al dute?
Gatazkari buruz ez dago ezberdintasunik, ezadostasuna konponbidean dago. Agian, abiapuntu ezberdinak erabiltzen dira, baina helburua bera da. Dena dela, atentatuok ez dute eztabaida horretan eraginik izango. Izan ere, Egazen dugun ikuspuntua ez da aspalditik aldatu eta ez da aldatuko, ezta Eduren kontrako atentatuaren ondoren ere.

Berriki, hainbat alderditako gazte erakundeek elkarrizketa eskatu duzue, ETAk borroka armatuari eutsi arren. Ezker Abertzalearekin hitz egiteko prest al zaudete?
Hemen galdera da Ezker Abertzalea gurekin hitz egiteko prest ote dagoen. Elkarrizketa bien arteko kontua da, eta nik ez dut ikusi haiek hitz egitera hurbildu direnik. Egia esan, oso zaila da zure ideiengatik hilda egon beharko zenukeela uste duen pertsona batekin elkarrizketatzea. Edonorekin hitz egiteko prest egongo nintzateke, baldin eta ideia politiko bat defendatzeko modu bakarra elkarrizketa dela uste badu.

Euskal Herrian, su eten garaian, Ezker Abertzalearekin hitz egiteko, PSOEk eta PPk atentatuak gaitzestea ezinbesteko baldintzatzat jo zuten. Irlandako bake prozesuan, ordea, Sinn Feini ez zitzaion horrelakorik eskatu.
Ez, baina ezberdintasun nabarmen bat dago Irlandako eta Euskal Herriko arazoen artean: Irlandan indar politikoak gidatzen du indar militarra. Euskadin, berriz, alderantziz gertatzen da. Batasunak atentatuak gaitzestea aurrerapauso nabarmena izango litzateke. Baldintza ezinbestekoa da, gatazka konpontzeko benetako borondatea azalduko luke eta. Bestela, ez ginateke baldintza berdinetan egongo. Gatazka politikoa dela defendatzen bada, eser gaitezen eta konpon dezagun politikoki, eta ez bortizkeriaren bidez.

Dirudienez, JJ.SS-Egazen autodeterminazioari buruz ikuspegi malguagoa duzue, PSOEko helduek baino...
Zehatz mehatz, ez da horrela. Guk jendeari galdetzeko beldurra galdu behar dugula diogu. Batzuetan alderdi politikoek, herritarren ordezkari direla ahaztuta, haien izenean hitz egiten dute, galdetu gabe. Sozialista bezala, hala ere, autodeterminazio bakarra norbanakoarena dela uste dut, eta ez herri batena. Gainera, autodeterminazioaren inguruan norbaitek erreferenduma planteatuko balu, ziur nago herriak ezetz esango lukeela.

PSOEk onartuko al luke Euskal Herriak beste esparru juridiko batera joateko hartutako balizko erabakia?
Zaila da erantzuten. Erabaki hori askatasunean eta bortizkeriarik gabe hartzen bada, bai. Finean, demokrazia horretan datza; gehiengoak hartzen dituen erabakiak onartzera behartuta gaude, ados egon ala ez.

Segi legez kanpo utzi dute Hego Euskal Herrian. Batasunarekin ere gauza bera egitekotan dira. Neurriok egoera okertuko dutela uste al duzu?

Alderdi politiko bat legez kanpo uzteak gatazka larrituko luke. Herriaren zati bat ordezkaririk gabe uztea demokraziaren kontrakoa litzateke. Horrez gain, edozein alderdi politiko legez kanpo uztearen kontra nago, nirea ere klandestinitatean egon da eta: Batasuna legez kanpo uztea planteatu duen alderdia klandestinitatean egon ez den bakarra da.

Elkarriren Bake Konferentzian parte hartzen ari zarete. Zer ekar dezake prozesu horrek?

Elkarri aukera bat jorratzen ari da eta horixe da konferentziaren balio nagusia. Iritzi guztiak entzuteko aukera dago. Gatazkaren irtenbidea helburu duten ekimen guztietan parte hartu behar dugu.

Baikorra al zara etorkizunari begira?

Ez dakit baikorra naizen ala ez, baina fedea badut. Fedea ikusten ez duzun horretan sinistea dela diote.