Lo gutxi egitearen kalteak

Lo gutxi egitearen kalteak Lo gutxi egitearen kalteak ez dira bakarrik nekea eta estres arazoak, lo gutxiak beste zenbait ondorio negatibo ere baditu gure ongizatean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lo-gutxi-egitearen-kalteak/@@download/image/MV5BYjRhNjc2YjEtOTU5Mi00NDQzLTg2ZWMtNWQ1ZGQyOTU1YTg5XkEyXkFqcGdeQXVyNTQ1NzU4Njk@._V1_.jpg
2019/12/20

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Lo gutxi egitearen kalteak ez dira bakarrik nekea eta estres arazoak, lo gutxiak beste zenbait ondorio negatibo ere baditu gure ongizatean.
Lo gutxi egitearen kalteak

Askotan aipatzen da batez beste 7-8 ordu lo egitea beharrezkoa dela eta ez alferrik. Beti ezinezkoa bada ere, pertsona bakoitzak bere bioerritmoak ditu bere lo orduak erregulatzen saiatzen dena. Horregatik, atsedenean faktore askok eragiten dute: adinak, bizimoduak, laneko ordutegiak edota estresak. Zoritxarrez, maiz eguneroko betebeharrek dominatzen gaituzte.

Loa osasunaren adierazgarri ezinbestekoa da ongizate orokorra neurtzerako garaian. Gure bizitzaren heren bat lotan pasatzen dugu. Guztiok dakigu kalitatezko loa edukitzea garrantzitsua dela, baina hala ere, gutxik lortzen dugu oheko zortzi ordu horiei lehentasuna ematea. Hasteko, gure loan oso errotuta ditugun ohiturek eragiten dute: kafeak, edari energetikoek, iratzargailuak eta argi artifizialek, mugikorrenak barne.

Bestalde, National Sleep Foundation (NSF) erakundeak maila maximo eta minimo batzuk zehaztu ditu gure ongizatea mantentzeko. Horien artean dago osasunari arreta jartzea, gure energia behatzea eta gure aldarteak aztertzea lo gutxi edo asko egiten dugunean. Gomendagarria baita ongi lo egin behar dela gogoratzea, ariketa eta dieta osasuntsuarekin batera. Honela, NSF erakundeak adin bakoitzean zenbat ordu lo egin behar diren zehaztu du:

Jaio berriak: 14-17 ordu egunero.
Hilabete batzuetako haurrak (4-11 hilabete): 12-15 ordu egunero.
Haur txikiak (1-2 urte): 11-11 ordu egunero.
Haur hezkuntzako haurrak (3-5 urte): 10-13 ordu egunero.
Lehen hezkuntzako haurrak (6-13 urte): 9-11 ordu egunero.
Nerabeak (14-17 urte): 8-10 ordu egunero.
Gazteak (18-25 urte): 7-9 ordu egunero.
Helduak (26-64 urte): 7-9 ordu egunero.
Adinekoak (65 urtetik gora): 7-8 ordu egunero.

Kalitatezko loa lortzeko NSF erakundeak zenbait gomendio ere eskaintzen ditu:

  • Lotara joan aurretik lasaigarria den errutinaren bat praktikatu.
  • Egunero ariketaren bat egitea.
  • Logelan tenperatura, soinu eta argi egokiak mantentzea.
  • Alkoholik edo kafeinarik ez hartzea arratsaldean edo gauean.
  • Lotara joan aurretik gailu elektronikoak itzaltzea.
  • Erosoak suertatzen zaizkigun koltxoi eta burukiak edukitzea.
  • Lo gutxi egiteak dakartzan osasun arazoak

Badakigu lo gutxiak nekea eta estresa eragiten dizkigula. Alabaina, begi-bistako osasun arazo hauez gain, frogatu da zazpi ordu baino gutxiago lo egitea gure gorputzaren funtzionamendu egokian eragiten duela. Izan ere, gure garunak lo dagoenean mantenu ekintzak egiten ditu egunean zehar gure organismoan pilatzen diren hondakinak ezabatzeko.

Hori horrela, gure garunari lotan gauden bitartean behar bezala lan egiten uzten ez badiogu gure ongizatea arriskuan jarriko dugu. Honako hauek dira arriskuak:

Gehiegizko pisua: Lo gutxi egiten dutenek (egunero 6 ordu baino gutxiago) aukera gehiago dituzte gizenak izateko. Aldi berean, lo ezak hormonetan ere eragiten du, apetitu gehiago eraginez eta azukredun edo kaloria askoko elikagaiak kontsumitzera bultzatuz.
Istripuak: Logurak zuzenean edo zeharka istripu guztien %20 eragiten ditu.
Oroimen gutxiago: Loa oroimenen baterakuntzarekin zerikusia du. Horregatik lo gutxi eta gaizki egiteak gure garunean eragina du.
Arazo sexualak: Ikerketa batean astebetez bost ordu lo egin zuten gizon gazteak aztertu ziren eta euren testosterona %15 murrizten zela ikusi zen.
Estetika: Betzuloak, zimurrak, azala kaskarrago, aurpegi zargaldua... lo gutxi egitearen ebidentziak dira.
Bizi itxaropena: Gutxi lo egiteak modu arriskutsuagoan bizitzera garamatza. Izan ere, zortzi ordu baino gutxiago lo egiteak heriotza arriskua %12an igotzen du.
Suminkortasuna: Lo gutxi egiteak suminkortasuna sortzen du. Izan ere, garunaren gune emozionalak lo gutxi egitean %60 aktiboago daude.