Literaktum, minak bizi

Literaktum 18 jaialdia gainean da! Aurten, azaroaren 13tik 24ra bitartean izango da literatura ardatz duen jaialdia, eta atal berriekin zein kolaborazio sare zabalarekin iritsiko da. Ez du alboratuko, ordea, bere jatorrizko helburua: literaturara hurbiltzea, bestelako lengoaia eta diziplinei zein gaur egungo eztabaidei lotuta.
Aurtengo gai nagusia gizakion funtsezko ezaugarri bat da, egungo kulturan presente dagoena: mina. Horrela, literaturak esperientzia mingarriei forma emateko duen gaitasuna aztertuko dute, galeratik hasi eta gatazka sozialera; bakardadetik indarkeriara. Minak bizi izeneko atalak bilduko ditu mina ardatz duten jarduerak.
Belaunaldi berrien literatura ere landuko du, 30 urtetik beherako idazleek egindakoa, hain zuzen ere. Euskarazko literatura berriaren ahots interesgarrienak bilduko dira mahai baten inguruan gai honi tiraka. Ikuspegi hau osatzeko, gazteak irakurtzera noiz eta nola hurbiltzen diren ere aztertuko du beste mahai-inguru batek.
Literaktumek aurkezten du atalean, aldiz, egungo euskal idazle esanguratsuenetako hiru argitaratu berri dituzten liburuez mintzatuko dira: Harkaitz Canok, Katixa Agirrek eta Iban Zalduak beren lan berriak aurkeztuko dituzte.
Jaialdi batek orainaren argazkia egiten badu ere, klasikoek badute beren lekua orain horretan. Horrela, Literaktum 18-k Anna Karenina hobeto ezagutzeko aukera emango du afari literario baten bidez; Baroja, ibilaldi dramatizatu batean parte hartuz; García Lorca, hark idatzitako Sonetos del amor oscuro olerkiak taularatuz, eta Roberto Bolaño Sonorako basamortuetan barrena egindako bidaia literarioaren bidez.
Estreinaldiak ere izango dira. Donostia Kulturaren eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) elkarlanak bultzatuta, soinu-sorkuntza lan bat estreinatuko du Xabier Erkizia soinu artistak Arantxa Iturbe kazetariarekin batera. Afoniak emanaldia prestatzeko, zenbait euskal idazleren ahotsak baliatu eta bihurritu ditu Erkiziak, sekula entzun gabeko irratsaioa osatzeko. Liburuzainen lanari esker sortutako Idazlezainak egitasmoak bildutako idazleen informazioa eta ahotsak ditu oinarri emanaldi esperimental honek.
Bestalde, Martuteneko kartzelan irakurraldi dramatizatua estreinatuko dute Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Kruz Gurrutxaga aktoreak. Euskaltzaindiaren mendeurrenerako sortutako emanaldi hau estreinakoz ikusi ahal izango da Donostian.
Gonbidatuei dagokienez, gai horiek jorratzeko estilo askotariko idazleak izango dira. Nacho Carretero eta David Trueba sortzaileen askatasunaren mehatxu berriez mintzatuko dira; nobela argitaratu berriekin iritsiko dira Reyes Monforte, Laura Restrepo, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Manuel Vilas, Juan José Millás eta Jon Bilbao; Europa garaikideko literatura eta historiaren arteko harremanez eztabaidatuko dute Slavenka Drakulicek eta Luisa Etxenikek, eta kulturaren inguruan hausnarketa egingo dute Danele Sarriugartek eta Fernando Broncanok.
Informazio gehiago nahi baduzu, egin klik!