Lisboa koarentenara itzuli da

Lisboa koarentenara itzuli da Portugaleko hiriburuan 3 milioi hiritar itxialdira itzuli behar izan dute birusaren berragertzearen ondorioz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lisboa-koarentenara-itzuli-da/@@download/image/1593102068_039322_1593102137_noticia_normal_recorte1.jpg
2020/06/26
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Portugaleko hiriburuan 3 milioi hiritar itxialdira itzuli behar izan dute birusaren berragertzearen ondorioz.
Lisboa koarentenara itzuli da

Portugal koronabirusaren kudeaketan eredu izan da pandemian zehar, baina aste honetan alarmak piztu dira herrialdean, batez ere Lisboa hiriburuan; lau egunez jarraian, herrialdean kutsatuen kurbak gora egin du, eta gauzak horrela, itxialdira bueltatu dira 3 milioi hiritar.

Orain, Portugal da Europako herrialde kutsatuena, Suediaren ondoren. Datuak ez dira txantxetarako; soilik atzo 300 kasu berri detektatu zituzten, gehienak hiriburuan. Hori dela eta, Lisboako 19 gune koarentenan jartzera behartu ditu gobernuak. Hala, uztailaren 1etik aurrera, Lisboako hiritarrak ezingo dira etxetik irten erosketak egitera ez bada, eta ezingo dira 5 lagun baino gehiago bildu. 

LAN PRESENTZIALA, KUTSADUREN ITURRI

Dirudienez, koronabirusaren itzulera zuzenean dago lotuta lan presentzialarekin, batez ere aldi baterako langileekin; eraikuntzan eta antzeko lanetan, langileen joan-etorri handia gertatzen da, eta beraz, birusa zabaltzeko aukera gehiago daude. Hain zuzen, periferian eman dira kasu gehienak. 

FESTAK, BIRUSA ZABALTZEKO BIDEA

Lana ez da birusa zabaltzeko bide bakarra; hainbat festek ere lagundu dute kutsaketa zabaltzen, esate baterako, Algarven egindako festa ilegalak edota Bragan ospatutakoak. 

TEST-AK ETA KONTROLA

Batzuen ustetan, test asko egin dituztelako agertu dira horrenbeste kasu, baina ikerlariak ez daude ados; dena den, argi utzi dute egoera kontrolpean dagoela, eta hospitaletan oraingoz ez dutela gaixoak zaintzeko arazorik. Dena den, bitxia da Portugalen gertatutakoa, pandemia osoan zehar egoera hobekien kontrolatu duen herrialdeetako bat izanagatik. Antzekorik gertatu ote daiteke gainontzeko lurraldeetan?