Ligodromoak

Ligodromoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ligodromoak/@@download/image/21p26-1.jpg
2002/07/05
erreportajea
Ligodromoak
Berez, ez dira ligatzeko tabernak, baina jendea, kontrakoa esan arren, nesketan edo mutiletan egitera doa haietara. Ziur zuk ere, uda honetan, ligodromo ugari zapalduko dituzula.

Rokodromoak bezalakoak dira, baina oraingoan, jendeak pareta gogorragoa igo behar izaten du. Izan ere, ligatzera daraman aldapa ez da batere samurra. Ligodromo pila dugu Euskal Herrian. Gauez martxa duten ia-ia herri guztietan izaten da ligodromo bat edo beste. Etzazu esan bakar bat ere ezagutzen ez duzunik, gezurrak beti hanka motza du eta.

Parranda gauetan, (zeresanik ez, festetan) ligodromoak lepo izaten dira eta batzuetan haietara sartzeko pioleta behar izaten da (hona hemen eskaladarekiko beste parekotasun bat). Jende pila, lekurik ez… eta hala ere, sarreran, ehundaka neska-mutil, bultzaka, sartu nahian! Beraz, zeozer izan behar dute ditxosozko taberna horiek. Zer da "zeozer" hori? Antza, taberna horietan errazago ligatzen dela. Eta inork aitortu nahi ez duen arren, ligatzea da gauez ateratzen direnen %99aren helburua (utz ditzagun alde batera neska edo mutil laguna dutenetako batzuk; denak ez, noski, "batzuk"…). Kontu bitxia da azkeneko hau. Izan ere, jendea ligodromoetara "giro ona dagoelako", "dantza egiteko musika jartzen dutelako" eta beste hamaika arrazoirengatik joaten da. Zakurraren bibolina!

Musika eta begiradak
Jarrai dezagun ligodromoen beste ezaugarri batekin: musika. Musikak, ezinbestean, dantza egitekoa izan behar du, eta ezagun samarra. Dantza egitea baita ligatzeko estrategietako bat. Ligodromo guztiak, hala ere, ez datoz bat: batzuek euskal musika jartzen dute; beste batzuek "pixka bat denetarik" irizpiderik gabeko irizpideari heltzen diote; zenbaitek irrati komertzialen musika (Espainiako Rosa for ever!) nahiago dute… Musika berritzaileak entzun nahi dituenak jai du ligodromo gehienetan (ez guztietan): hamaika alditan entzundako doinu ezagunak, patxangak eta enparauak jaun eta jabe dira. Hori bai, ezin esan ligodromozaleen artean kantuok arrakasta ez dutenik. 

Eta zer egiten du jendeak ligodromoetan? Tragoxka batzuk hartu, solasean aritu, barre egin, dantzatu (hau da, beste taberna askotan egin ohi dena)… eta begiratu, begiratu eta begiratu. Ligodromoetan dabiltzanak burua 360 graduko bueltan mugitzeko gai dira, radarrak dirudite; "Exorcist" filmeko neska bera ere aho bete hortz utziko lukete. Ez dago esan beharrik begiratu eta begiratu zeren bila dabiltzan, ezta?

Estrategia pila
Ligodromoen ezaugarri nagusiak gainbegiratu ondoren, goazen orain ligodromozaleek nesketan edo mutiletan egiteko zein estrategia darabiltzaten aztertzera. Ligatzeko hamaika estrategia daude, ia-ia nork berea duela esan genezake. Hala eta guztiz ere, ondorengoa nahiko arrunta da: gustuko mutil edo neskari begiratu, harengana hurbildu, hizketan hasteko aitzakiaren bat bilatu, solasean edo dantzan aritu… eta ondorengoa, auskalo: gau zoragarria, erdipurdikoa, edo berriro ere sarea beste nonbait bota beharra. 

Neskarengana edo mutilarengana hurbiltzea zaila bezain garrantzitsua da. Asko eta asko alde batetik bestera mugitzen dira dantzan eta, kasualitatez, behin eta berriro "helmugara" iristen dira. Beste batzuk, barrarako bidean esaterako, ondotik pasatzen dira, jendearen bultzadek (oraingoan ere kasualitatez) neskaren edo mutilaren parera eramango dituztela esperantzan. Beste zenbait, begiz jota duten pertsona komunera doanean, orduantxe, bat-bateko txizagureaz larrituta, ilaran jartzen dira. Eta ez da falta tabako makina ondoan, jendearen joan-etorriak begi zorrotzez jarraitzen dituenik. Jakina, ausartagoak badira, zuzen-zuzen geziak diruditen esaldiak jaurtitzen dituztenak, alegia: "gustukoa zaitut eta ezagutu nahi zintuzket".

Hona hemen ligodromoak. Udako jaietan murgilduta gaude, eta sasoi honetan, toki hauek sekulako arrakasta dute. Tontorra zapalduko ahal duzu!

Bestelako ligodromoak



Ostatuak nesketan edo mutiletan egiteko leku aproposak dira. Diskotekak ere hor daude, noski. Dena dela, ez pentsa hauek ligodromo bakarrak direnik. Izan ere, jendearen edozein bilgune ona izan daiteke ligatzeko. Udak, bestalde, hamaika aukera ematen dizkigu: hondartzan egunero gure ondoan jartzen den koadrilan gustuko neska edo mutilaren bat aurki dezakegu. Baita mendian edo kanpinean ezagututako koadrilan ere. Udako musika jaialdiak (Euskal Herria Zuzenean jaialdia, adibidez), herrietako festak, kirol ikastaroak, bidaiak… aukera falta, behintzat, ez dago sasoi honetan.

Hansartze ederra!



Mutiletan edo nesketan egiteko, jendeak hankasartze jakin batzuk egiten ditu. Hankasartzeok ohikoak dira, eta behin eta berriro errepikatzen dira. Badakizu, ligatu nahi baduzu, ondorengo portaerak saihestu behar dituzu.

1-Harrokeria. Harroputza, bere buruaz seguruegi dagoena, patetiko hutsa da.    
2-Koadrilari itsasita. Etengabe lagun koadrilarekin egoteak eta beste inorekin ez hitz egiteak, zaildu egiten du ligatzea.    
3-Topikoak. Mesedez, “ikasi ala lan egiten duzu?” gisakoek, inoiz funtzionatu badute, ez dute gaur egun ezertarako ere balio.    
4-Barregarriegi izatea. Umorea oso ondo dago, baina beti txantxetan dabilena, askotan, barregarri izatetik aspergarri izatera pasatzen da.    
5-Gai “tabuak”. Sarean harrapatu nahi duzun lagunak gustukoak ez dituen gaiez hitz egitea harremana pikutara bidaltzeko biderik onena da. Ekonomiaren gora-beherez aritzeak, adibidez, inor gutxi liluratzen du. Zure mutil edo neska lagun ohi zerrenda amaigabea aipatzea ere ez da oso komenigarria izaten.    
6-Zain egotea. Neskak edo mutilak zuregana hurbilduko direla pentsatzea alferrik izaten da normalean.

Gure ligodromoak


Hona hemen Euskal Herriko zenbait herritako ligodromoak. Ezin izan ditugu denak bildu, noski; bestela liburu oso bat beharko baikenuke. Zure herrikoak ez badaude, lasai, aurrerago beharbada aterako ditugu eta.

Altsasu

Toki-Jai taberna (Foruen enparantza)
Bierrik taberna (Foruen enparantza)

Azkoitia

Txanpaña (Kale Nagusia)
Doc-to (Kale Nagusia)   

Azpeitia

Elurra (Bustinzuriko Errebala)
Egurtza (Santiago kalea/ Eliz kalea)
Pikua (Bustinzuriko Errebala)
Zuhatz (Erdi kalea)   
   
Baiona

Bil Txokoa (Marsan karrika)
Patxoki (Tonneliers karrika)
Txitxaki(Tonneliers karrika)      
 
Bermeo

Aurresku (Nardiz-tar Jon kalea)
Ametsa (Nardiz-ta Jon kalea)
Kaixo (Intxausti kalea)       

Bilbo

Kafe Antzokia
28   

Doneztebe

Bordatxo diskoteka
Café (Parrokia kalea)
Irrintzi (Merkatariak kalea)

Donostia
Erniope (San Juan kalea)
Mendaur (Fermin Calbeton kalea)
Ttun-Ttun (San Jeronimo kalea)
Belfast (Ikatz kalea)
Caledonian (Kolon pasealekua)
Sariketa (Fermin Calbeton)
Atseden (San Juan kalea)
Arkaitzpe (Kale Nagusia)   
   
Durango

Txori Soro diskoteka
Lurpe diskoteka
Daiky puba  
    
Elgoibar
Iratxo rock kafea (San Frantzisko)
Kartutxo (San Frantzisko)
Toletxe Kafe Antzokia (P. Muguruza)
Truk (San Frantzisko)
Txuri Beltz (San Frantzisko)
Udaberri (P.M. Urruzuno)

Eibar

Akats (T. Etxebarria)
Ametsa (T. Etxebarria)
Ez-Dok (T. Etxebarria)
K-Ox (Ego Gain)
Sokoa (Birjiñape Behea)
Xare (Txirio kalea)

Errenteria

Arkaitza (Zumardia)
Sindikato (Madalen kalea)
Zazka (Biteri kalea)       

Etxarri-Aranatz

Suta taberna (Kale Nagusia)

Gasteiz

Parral (San Frantzisko Xabierkoaren kantoia)
El Cairo (Aldabe kalea)
Azkena (Koronazio kalea)
Txapeldun (Kutxi kalea)
7 (Kutxi kalea)  
Carajo (Mateo Moraza kalea)...

Gernika

Arrano  (J.Calzada kalea)
Harizpe (J.Calzada kalea)
Rugby (Ubitarte)  
    
Iruñea (Parte Zaharra)

Zulo (Jarauta kalea)
Aitzina (Jarauta kalea)
Deportivo (Jarauta kalea)
Jarauta (Jarauta kalea)
Okapi (Estafeta kalea)
Hemingway (Amaia kalea)
Erronkari (Labrit kalea)
Sua (Caldereria kalea)
Txukinden (San Agustin kalea)

Lasarte

Abend (Pablo Mutiozabal kalea)
Jalgi (Geltoki kalea)

Laudio

Litxa (Ezka kalea)
Haitzulo 
     
Lesaka

Atxaspi (Bittiria kalea)
Kattu
Koxkila (Zarandia)

Lizarra

Male (Gramatika Ikasketak kalea)
Pigor (Izarra kalea)

Zarautz

Alaipe (Kale Nagusia)
Txanela (Kulixka)
Ximut behea (Lonja Zaharra)
Nautiko (Malekoia)
Upela (Lonja Zaharra)

Zurekin ligatzen ari al da?


Nola jakin dezakezu neska edo mutil bat zurekin ligatzen ari dela. Hona hemen zenbait zantzu:
• Behin eta berriro ahalegina egiten ari da zure ondoan egoteko eta zurekin mintzatzeko.
• Dantza egiterakoan, zurekin dantza egin nahi du.
• “Zer egin behar duzu orain?”, “Nora zoaz?” eta antzeko galderak egiten ditu.
• Galdera pertsonalak egiten dizkizu, zure zaletasun edo ohiturei buruz, esaterako: “Non ibiltzen zara normalean?”.
• Zerbait behar izanez gero, prest dago beti zuri laguntzeko.
• Behin baino gehiagotan, isilik dagoela, zuri begira harrapatu duzu.