Liburuaren eta Lorearen Eguna ospatuko dute Iruñean, asteartean

Liburuaren eta Lorearen Eguna ospatuko dute Iruñean, asteartean 18 liburu-denda eta sei argitaletxek kalera aterako dituzte euren liburuak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/liburuaren-eta-lorearen-eguna-ospatuko-dute-irunean-asteartean/@@download/image/2023_04_23 Feria Libro_Q5A5626_0.jpg
2024/04/19
18 liburu-denda eta sei argitaletxek kalera aterako dituzte euren liburuak.
Liburuaren eta Lorearen Eguna ospatuko dute Iruñean, asteartean

Diego de Haro Liburu-denden Elkarteak eta Iruñeko Udalak Liburuaren eta Lorearen Egunaren hamazazpigarren edizioa egingo dute datorren asteartean, apirilaren 23an, Karlos III.aren etorbidean. Azoka 10:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, etenik gabe. 

Hemetzortzi liburu-dendak haien liburuak aterako dituzte kalera Karlos III.aren etorbidearen eta Orreaga etorbidearen arteko elkargunean. Hemezortzi horiez gain, sei argitaletxek ere parte hartuko dute, bi karpetan. Beraz, guztira hogei salmenta-postu jarriko dituzte. Honako hauek izango dira liburu: Arcos, Elkar Comedias, Elkar Leire, Muga, Troa, Abarzuza, Ménades, Walden, Chundarata, Karrikiri, Arista, Miriam, Katakrak, Iratxe, Txalaparta, Eroski, Kokea, Nerea, Pamiela, Eunate, Denonartean, Igela eta Mintzoa. 

Irakurzaletasuna bultzatze aldera, egun horretan % 10eko deskontua egingo dute erosketa guztietan, bai kaleko karpetan, bai liburutegi fisikoetan.

Horretaz gain, hamabost bat idazle nafar ere izango dira bertan, liburuak sinatzen. Goizean, 12:00etatik 14:00etara, Mireya Maldonado eta Ester Ortiz izango dira azokan. Arratsaldean, berriz, Diego Galindo (16:00etatik 17:00etara); Jon Aramendia, Mikel Chasco eta Nuria Viedma (17:00etatik 18:00etara); Marta Borruel, Luis Martínez Vallés eta Javier Prats (18:00etatik 19:00etara); eta Per Gaztelu, Idoia Saralegui eta Maite Sota (19:00etatik 20:00etara). Josemi Albizuk eta Jokin Azketak emango diote amaiera, 20:00etatik 21:00etara.  

Liburu bat eta arrosa solidario bat
Kataluniako Sant Jordiren arrastoari jarraituz, loreen banaketa izango da baina iaztik ekimen solidariorako ikur bilakatu dute. Hala, herritarrek gizarte-ekimenean lagundu ahal izango dute euro batean arrosa bat eskuratuta. Horretarako, loreak banatzeko postua egongo da, eta COCEMFE – Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Elkarteen Nafarroako Federazioko boluntarioak arituko dira bertan. Bildutako diru guztia liburuak erosteko erabiliko du Diego de Haro Liburu-denden Elkarteak, eta liburu-sorta hori COCEMFEri emango zaio. Arrosa prezio sinbolikoan erosi ahal izateko azokan erositako liburu baten erosketa-tiketa aurkeztu beharko da.