Levi's markak Adimen Artifizialarekin sortutako modeloak erabiliko ditu "dibertsitatea areagotzeko"

Levi's markak Adimen Artifizialarekin sortutako modeloak erabiliko ditu "dibertsitatea areagotzeko" Levi Strauss & Co arropa marka Lalaland.ai moda digitaleko estudioarekin batu da. Adimen Artifizialaren (AA) bitartez sortuko ditu bere modeloak, erakundearen hitzetan "dibertsitatea areagotzeko". https://www.gaztezulo.eus/albisteak/levis-markak-adimen-artifizialarekin-sortutako-modeloak-erabiliko-ditu-dibertsitatea-areagotzeko/@@download/image/levis-lalaland.jpg
2023/03/27

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Levi Strauss & Co arropa marka Lalaland.ai moda digitaleko estudioarekin batu da. Adimen Artifizialaren (AA) bitartez sortuko ditu bere modeloak, erakundearen hitzetan "dibertsitatea areagotzeko".
Levi's markak Adimen Artifizialarekin sortutako modeloak erabiliko ditu "dibertsitatea areagotzeko"

Lalaland.ai 2019an sortu zen Amsterdamen eta AA aurreratua erabiltzen du moda markei modelo hiperrealista eta gorputz, adin, neurri eta azal tonu askotarikoak dituztenak sortzeko. Erakunde honek Calvin Klein, Tommy Hilfiger eta Otto Group moda marka ezagunekin ere lan egiten du. AArekin sortutako modelo hauek benetako pertsonak dirudite eta zaila da ohartzea ordenagailuz sortutakoak direla. 

Levi Strauss-ek adierazi du, normalean bere produktu bakoitzarentzat modelo bat duela. Modeloa hautatzeko garaian erakundeak  kontuan izaten du produktu jakin hori erosiko duen eroslea eta horren arabera, erosle potentzial horren antzekoa den modelo bat hautatzen du. "Gure modeloek gure kontsumitzaileak islatu behar dituztela uste dugu. Horretarako adin, gorputz eta azal kolore ezberdineko modeloak hautatzen ditugu" dio erakundeak. Alabaina, adierazi du, hezur-haragizko pertsonekin lan egitea ez dela nahikoa euren helburuak betetzeko. 

Lalaland. ai eta Levi Strauss-en elkarlanaren helburua arropa diseinu bakoitzean bezeroek euren burua hautematea da, euren antzeko modeloak erabiliz. 

Levi Strauss-ek dio aniztasuna, berdintasuna eta inklusioa euren erabateko lehentasuna direla. AArekin sortutako modeloak helburu hauek eskuratzeko modu bat baldin badira ere, erakundeak baieztatu du langile taldea ere askotarikoa izatea bilatzen dutela. Hain da horrela, hezur-haragizko modeloekin lan egiten ere jarraituko duela.