Lesley Arfin: MTV belaunaldiaren itzala

Lesley Arfin: MTV belaunaldiaren itzala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lesley-arfin-mtv-belaunaldiaren-itzala/@@download/image/lesley_arfin_1371133583.jpg
2010/11/05
erreportajea
Testua: Gari Berasaluze
Bueltatzen ez dakiten arren, itzuli egin behar izan dute, baina eutsi diote behintzat aireportuan egindako promesari: hilean behin agendan lekua gordetzea, te baten inguruan batak besteari liburu bat gomendatzeko eta literaturaz hitz egiteko.


Badira liburu salduenen zerrendetan agertu arren literaturaren historian sekula tokirik izango ez duten liburuak. Milaka ale saldu arren idazle batek inoiz gomendatuko ez lituzkeenak. Horrelakorik ez ekarri. Ez ditut irakurriko.  Bizitza laburregia da merezi ez duten orrialdeei denbora emateko. Ados.

Baina hedabideek musika alternatiboa deitzen duten hori entzuten duzu. Sexua zure bizitzaren orube garrantzitsua da. MTV piztuta edukitzen duzu etxean. Gaztea zara oraindik. Bizirik sentitzen zara, zalantza putzu bat zaren arren. Tatoo bilduma bat da zure gorputza. Gurasoekiko harremana beldurrezko film baten gidoia izan daiteke, eta drogak dira iheserako eta jolaserako zure lagunak.
Lesley Arfin irakurri behar duzu, ezinbestean.

AEBetan sortu zen, Syosset herrian, New York inguruan, 1979an. Hogeita bat urte zituenetik idazle profesionala da, ikasketak amaitu eta berehala MTVren Vice aldizkarian asteroko zutabea idazteari ekin zionetik. Eguneroko maitea izena zuen zutabe hark, eta urteetan bertan idatzitakoak bildu eta moldatuta argitaratu zuen 2007an izen bereko liburua: Dear Diary (Vice Books, MTV Press). Egundoko arrakasta izan du ordudanik AEBetan, eta munduko beste hainbat herrialdetan, eta milioika ale saldu dira.

Kapitalismoak badaki zer bilatzen duen. Zer saltzen duen, alegia. Lesley Arfin. 11 urtetik 25 urtera iristea zer den eguneroko moduan eta lehen pertsonan kontatzen duen neska estatubatuarra. Harremanak izateko zailtasunak, musika, segurtasun falta, sexua, heroinarekiko adikzioa, dena gaizki egitearen sentsazioa, gurasoak, musika gehiago, sexu gehiago.

MTVk sortutako postaletako errebelde horietakoa, alegia. Avril Lavigne, idazle bihurtuta. Bada, ez dut horrelako inozokeriarik irakurtzea pentsatzen, ezta erotuta ere.

Bibliografia hautatua


• Dear Diary (2007, Eguneroko maitea).