Lendakaris muertos: "Umorea berezko dugu"

Lendakaris muertos: "Umorea berezko dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lendakaris-muertos-quotumorea-berezko-duguquot/@@download/image/51p10-1_1366809697.jpg
2005/04/01
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Lendakaris muertos: "Umorea berezko dugu"
Iruñeko taldea da Lendakaris Muertos. Lendakariak 2004ko otsailaren 17an elkartu ziren lehen aldiz; egun hartan erositako mikrofono baten fakturak, data hura betirako gorde du. Lehendakaris-ekin hasi aurretik, musikariok Kuto taldean aritu ziren, baina zorte handirik gabe. Orain, berriz, arrakasta itzela lortzen ari dira Gor diskoetxeak kaleratutako lehen diskoarekin. 

Zein musika entzuten duzue?
Musikari guztiek esaten duten bezala, denetarik entzuten dugu. Batez ere punka entzuten dugu, baina baita rock klasikoa, Rolling Stones eta antzekoak ere. Bestalde, 80eko hamarkadako euskal taldeak asko atsegin ditugu: La Polla, Zika, Tijuana... Flitter-en lehenengo diskoa da erosi dudan azken CDa.

Punk ingelesa ala amerikarra nahiago duzue?

Punka? Euskalduna… eta Dead Kennedys.

Egungoak garai onak dira punk musikarentzat, ezta?

Ez dago 80eko hamarkadako mugimendu bera, baina bai: aurreko batean Basaurin jo genuen, eta punki piloa azaldu zen. Behar bada, gaur egun punk mugimendua minoritarioagoa da, baina jarraitzaileak badauzkagu.

Abestietarako hitz bitxiak idazten dituzue, oso umoretsuak...

Letrak anaia eta bion artean egiten ditugu. Bakoitzak bere hitzak idazten ditu, eta gero elkarrekin trukatzen ditugu. Umorea berezko dugu. Ideiak edozein tokitik ateratzen dira: merkatal gune batean paseatzen ari zarela, ideia mordoa sor dakizkizuke. Garai batean poliziari buruz idazten zen, baina guk jende arruntari buruz ere idazten dugu.

Diskokoak kanta motz eta zuzenak dira. Nahita egin dituzue horrela, edo modu naturalean atera dira?

Modu naturalean ateratzen dira, baina dena den, esan beharra dago guk ere hori bilatzen dugula. Kanta sinpleak atsegin ditugu: hasiera, leloa, koroak... lau jira-bira eman, eta kito! Ez dugu punteorik egiten.

Punteoak egitea debekatu egin al duzue, ala?

Debekatu ez, baina niri behintzat, kontzertu batera joaten naizenean eta taldekoak punteoka hasten direnean, animoa erori egiten zait. Kontzertuetan ondo pasatu nahi dut: musika ona edo norbait ondo jotzen entzuteko, nahiago dut disko bat etxean jartzea. Ideia horrekin sortu genuen taldea: Lendakaris Muertos guk ikusi nahiko genukeen talde hori da.

Hasi eta berehala, maketa bat grabatu zenuten. Gainera, maketa hori oso era bitxian zabaldu zenuten.

Guk egin genuen dena, eskuz. Kopiak ordenagailuan egin genituen, eta azalak ere fotokopiatu egin genituen. Horrez gain, abestiak gure web gunean jarri genituen: Lendakaris.com-en. Arrakasta handia izan genuen, 20.000 abesti jaitsi baitzituen jendeak.

Arrakasta horrek diskoetxeen sistema krisi larrian dagoela erakusten du...

Egunero interneten ibiltzen bazara, normalean gauza asko jaitsiko dituzu, jakinminez. Baina gero, askotan, jaitsitako hori ez duzu entzuten. Gainera, gure kantak motzak dira, eta erraz jaisten dira. Bestalde, gaztelaniaz abesten dugu, eta horrek ateak irekitzen ditu.

Noizko disko bat euskaraz?

Sekula ez. Abestiren bat agian bai, baina oraingoz behintzat, ez dugu horrelakorik egingo.

Maketa hura atera ondoren, kontzertuetan antzeman al zenuten interneten izandako arrakastaren eragina?

Bai. Adibidez, Kuto taldearekin konparatzen badugu, aldea handia izan da. Kuto taldearekin kontzertuak bilatzen ibili behar genuen, eta Lendakaris Muertos taldearekin piloa deitzen gaituzte. Uda osoa jotzen eman dugu, eta baita uda ondorengo hilabeteak ere.

Ondoren, Gor diskoetxearekin tratuetan hasi zineten, eta interneteko iturri hori itxi zenuten...

Bai, moztu egin genuen, diskoa grabatu behar genuela jakin genuenean. Hasieran betikoa egitea pentsatu genuen: alegia, maketa bat bidaltzea diskoetxeetara. Dena den, Gor-ekoak aurreratu egin ziren, eta gurekin harremanetan jarri ziren. Ez dakit nondik atera zuten gure maketa, taberna batetik edo... Haiekin gelditu, hitz egin, eta aurrera egin genuen. Diskoan maketako 11 kanta sartu ditugu, berriro grabatuta, eta beste 12 abesti berriak dira. Azkenean, 23 kanta sartu ditugu diskoan, baina ez da disko bikoitza.

Estatu espainiarrean jotzeko ere deitu zaituztete..

Bai. Madril, Bartzelona eta Sevillatik deitu gaituzte, baina hara joan egin behar duzu! Guztiok lanean ari gara, eta ezin dugu. Aurrerago, bira bat antolatu nahi dugu, udarako edo.

Zer moduz dago Iruñean entsegu lokalen arazoa?

Oso gaizki dago. Guk zortea eduki dugu, eta lokala dugu. El columpio Asesino taldearekin entsegatzen dugu.

Musikari mitiko bat sartu da Lendakaris Muertos taldean: Tijuanan aritutako Potxeta ospetsuaz ari gara. Nolatan?

Bai, Iñakik taldea utzi zuen, kanpora joan baitzen bizitzera. Taldea hilabetez egon zen geldirik, eta azkenean, Potxetarekin harremanetan jarri ginen. Gu baino helduagoa da, baina musika hau gustatzen zaio. Hainbeste kanta ikasi beharra izan da arazo bakarra: hilabete batean 25 abesti ikasi zituen!

Kontzertuak ateratzen hasi al dira? Uda beroa izango da?

Bai, Gor diskoetxekoek gure management-a eramatea proposatu ziguten, eta ari dira gauzak ateratzen. Agurainen, nahiko itxura ona duen kontzertu batean joko dugu S.A eta Macarrada taldeekin. Andoainen, Pasaian... eta beste zenbait tokitan ere ariko gara. Hala ere, Bizkaia da kontzertu gehien ematen dugun tokia.

Punk-aren gotorlekua Bizkaia da, beraz.

Bai; astean zehar ez dakit non sartzen diren, baina asteburuan harrien azpitik ere ateratzen dira.